Iaz hasitako lanaren emaitza
Duela urte batzuk pentsaezina zen niretzat Ehunmiletako podiuma zapaltzea, eta asko baloratzen dut aurten lortutako hirugarren postua. Iaz gelditutako arantza atera dut. Orduan hasitakoari bukaera eman diot, hau bi urte hauetako lanaren emaitza izan baita.
Lasterketa hasterako bagenekien baldintza klimatologikoak aldeko izango genituela, eta beldur hori kenduta abiatu ginen. Nire helburua probari lasai edo gehiegizko esfortzurik egin gabe ekitea zen. Felipe Artigue oso gogor hasi zen hasieran, baina garbi nuen ez nuela inoren atzetik joatearekin itsutu nahi.
Mandubiara iritsi ginenerako taldetxoa egin genuen Felipek, Javi Dominguezek, Jon Aizpuruk eta laurok, eta batera joan ginen Elosua aldera arte. Taldean joateak abantaila asko ditu, eta indarrak gordetzeko aprobetxatu nuen, banekielako gero ere beharko nituela. Elosutik aurrera Jonek aurrera egin zuen, eta ez genuen gehiago ikusi. Felipe, berriz, atzera gelditu zen, eta Javik eta biok jarraitu genuen elkarrekin. Nire lasterketa egiten saiatu nintzen, eta batzuetan aurreratu ere egin nuen, nahiz eta banekien lehenago edo beranduago berriz harrapatuko ninduela. Amezketara iristerako bat egin genuen berriz, eta ia Aralar osoa batera pasa genuen.
Aralarren erorikoa izan nuen, eta eskertu behar diot Dominguezi nirekiko erakutsi zuen begirunea, gelditu egin baitzen ondo ote nengoen jakiteko. Aurrera jarraitu genuen, eta Oiduira iristerako Javik aurrera egin zuen. Lizarrusti eta Etzegarate artean ikusten nuen urrutira, baina ezin izan nuen harrapatu.
Aizkorrin pasa nituen lasterketako unerik okerrenak. Ordura arte ondo nijoan, baina San Adrian inguruan beroa, nekea, iristeko gogoak, denak batu zitzaizkidan, eta baxualdia izan nuen. Andraizko jaitsiera ere gogorra egin zitzaidan, eta dexente sufritu nuen. Banuen kezka azken 15-20 kilometroak nola egingo ote nituen, baina sentsazio onekin bukatu nuen proba, nahiz eta oso nekatuta iritsi.
Lerro hauen bitartez gurasoen eta lagunen berotasuna ere eskertu nahi dut, ibilbide osoan zehar hor egon baitira, babesa eta animoak ematen.
– Unai Dorronsoro (EHM probako parte hartzailea)