LAB sindikatuaren tratu txarrak bere afiliatu jubilatuekin
Sentsazio arraro, desilusio eta penaz nago, 40 urte LABen egon eta gero, Beasaingo egoitzatik bota egin nindutelako. Egun hartan, beste batzuetan bezela, fotokopia batzuk ateratzera joan nintzen; jubilatuen elkarte bateko bazkide naizenez, noizbehinka kartelak egiten ditugu eta sindikatuan atera izan ditut.
Kasua da, Geroako gure gatazkaz eta aldarrikapenaz hitz egiten hasi, eta gure jokaera ez zaiela ezer gustatzen azaleratu zidan. Egia esan, beste batean ere antzeko zerbait esan zidan LAB eko liberatu sindikal batzuekin Oiartzunen izandako beste gertaera batez.
Dena den, behintzat beroaldi batean, egoitzatik bidali egin ninduen, eta oso modu txarrean honakoa esan: «Nik bidaltzen zaitut eta ez LAB sindikatuak. Orain joan zaitez egunkari batera eta esaiozu argitaratzeko». Hau esan eta egin zidana liberatu bat da.
Oso gogorra eta mingarria da horrela bukatzea hainbeste urtez lan egin dugunok sindikatu honetan, eta zakur bat bezela tratatua izana. Min fisikoa ez da, baina gorputzean badira beste sentimentu batzuk hau deskribatzeko. Mingarria da hainbeste urtez egon, eta zure etxetik ostikoz jota bidali zaituztela ikustea.
LABen lanean ari diren askok, ordenagailu bat aurrean dutenak, ez dakite ondo zenbat borrokatan eta gatazkatan lan egin dugun. Guk egindako zeozer da egoitza eta sindikatua, baina tamalez gurea den errebidikazioen aurka daude. Horregatik kaleratzen gaituzte, badakitelako langileei bizkar emanda Geroako estatutuak aldatu zituztela.
Kritika ez dute onartzen, baina egia bat da nahiago dutla gaur egun «patronal eta kapitalaren alde egon jakinda jubilatuei lapurreta egiten» ari direla. Non gaude ? Hau al da horrenbeste borroka egin genuenontzat azken saria?
Zalantza asko dauzkat, bainan galdetu nahi nieke gu kaleratzen gaituztenei eta baita ere Eusko Jaularitzari, Patronalari, Geroari eta guri traizio egin diguten sindikatuei, LABi barne: Non dauzkazue Geroako diruak? Zer ari zarete ezkutatzen? Beti bezala, isiltasuna nagusi.
Garbiñe Aranburuei, Igor Arroyoei eta gainontzekoei: Hau da mina daukadana!