Maite haugu, Erramun

Pasa den igandean Ordiziako plaza lepo bete zen Goierri osotik eta Euskal Herriko txoko askotatik etorritako lagunekin. Ordiziako ezker abertzaleak guztioi eskerrak eman nahi dizkizue, Erramun omentzera hurbildu zinetelako bai, baina baita ere, eta horretaz harro sentituko da Erramun, adin, pentsamendu eta jatorri askotariko lagunak elkartu ginelako partekatutako sentimendu batzuk bultzatuta.
Eta ederra izan zen benetan. Zenbat emozio bizi eta sentimendu goxo senti arazi zizkigun Erramunek: haren eskuzabaltasunagatik, miresmena; herria egiteagatik eta herritarrok zaintzeagatik, esker ona; senar, aita, osaba, senitarteko, lagun, burkide ordezkaezina galtzeagatik, tristura; hura ezagutzeko eta harekin une hain ederrak bizi izateko zortea izan dugulako, alaitasuna; Kuxkuxtu txarangaren edo Laguntasuna Errondailaren kantak entzundakoan, zirrara gorputz osoan eta oilo ipurdia azalean; harrotasuna ondoan izan dugulako; malkoen garraztasuna, oroimen ederren goxotasuna…
Guzti-guztiak emozio zintzo eta leunak. Baina plaza miresmenez, esker onez, tristuraz, alaitasunez, harrotasunez, garraztasun eta goxotasunez… bete bazen ere, sentimendu bat nagusitu zen beste guztien gainetik: maitasuna. Herritarrok Erramunengatik sentitzen dugun maitasuna; hark guri emandako maitasunaren ordaina den maitasuna.
Erramunen maitasuna nolabait ere, hala esan badaiteke, maitasun poetikoa izan da. Erramunek berezko edertasunagatik maite zituen bizitza, lagunartea, sukaldaritza eta jaki goxoak; kontuak eta kantuak; festa eta ospakizunak… Baina maitasun politikoa ere izan da. Esango genuke haren pasioa komunitatea izan dela, eta haren jardunak alaitasuna zabaltzeaz gain, bilatzen zuela nolabait ere komunitatea indartzea eta eraldatzea, izan ezker abertzalearen baitan, udalean, irakaskuntzan, Iparra-Hegoa ekimenean, euskalgintzan, Olentzero antzezten, LAB sindikatuan, errondailan edo sukaldari lanetan.
Eta hortxe dago Erramunen bizitza bete eta zoriontsuaren gakoetako bat. Esan genezake Erramunentzat zoriona lortzen dela espazio publikoan askatasunez eraginez, libreki ekinez, baina konpromiso osoz. Haren kasuan, konpromiso osoa Euskal Herriarekin eta justiziarekin, eta zergatik ez, maitasunarekin eta alaitasunarekin.
Horrexegatik, pasa den igandean Ordiziako plazan entzun ziren hitz, kantu eta negarren gainetik, ahoskatu ez ziren hiru hitz izan ziren nagusi: Maite haugu, Erramun.













