Mari Domingi / Olentzero maitea:
Mari Domingi / Olentzero maitea:
Gure eskaria xumea da; herritar askez osatutako herri askea, hots, sexu, arraza, hizkuntza tarteko inor mendeko hartuko ez duen eta herriaren (eta ez elite baten!) zerbitzura egongo den eredu sozioekonomikoa. Horren bidean, independentzia. Independentzia, «merkatuekiko» aske izateko. Hori lortu nahian ari gara ahaleginak eta bi egiten, Nelson Mandelaren idealei jarraiki. Ahaleginean preso edota ihesean daudenak ere etxera itzul daitezen eskatuko genizuke. Hori bai oparia!
Bestaldean, Madibaren lagun agertuagatik etsai direnak ditugu. Hauei, ikatzik ere ez!
Auzitegi Nazionala: ezker abertzaleko 80 militante epaituak izaten ari dira aurten ere, beraien jardun politikoa tarteko, erregimen ustel honen zimenduak kolokan edota gutxienez ezbaian jartzearren. Tartean ditugu Jon Gorrotxategi herritarra eta Xumai Matxain eta Ion Telleria goierritarrak. Herrikoak ere auzipetuak izaten ari dira. Zoritxarrez, Beasaingo Arrano ixteko arrisku bizian dago. Herriraren aurkako sarekada, tartalarien kondena bidegabeak,
D ereduko irakasleei miaketak Nafarroan… Zigorra da auzitegi honek duen errezeta bakarra. Zigorren truk, ikatza!
Elite ekonomiko eta enpresarialaren zerbitzura dauden alderdiak: geroz eta argiago dago nortzuk dauden elite horren mesedetara. Barcinaren UPNk aspaldian agerian utzi bazuen ere, EAEko aurrekontuetarako PNV, PP eta PSOEk egindako hitzarmenak argi uzten du nortzuk osatzen duten zaku hori. Horrela ulertzen da gastu sozialetan sekulako murrizketak egin eta ezertarako balio ez duen AHTari 366 milioi euro ematea. Horiexek adostutako akordio fiskal atzerakoia zein gisako mesedeen trukean Markel Olano herritarrak (PNV) gure kontura egindako 2.860 euroko angula jana. PNV buru duen Kutxabankek egiten dituen etxegabetzeak. Baita Werten hezkuntza erreforma neofrankista edota protesta oro isilarazi nahi duen Segurtasun Legea (PNVek PP babestu du) ere. Argi izan dezatela: herriaren interesen kontra dihardutenez, herriaren etsai dira!
Zerrenda amaigabea da: elefanteak akabatzea afizio duen Erregea, informazioa elite baten interesetara maneiatzen duten hedabideak, itotzen gaituzten multinazionalak, elikagaiekin espekulatzen duten banketxeak, AEBren inperialismoa… Sistema bera! Erabakitze eskubidea ukatzen diguten Estatu espainol zein frantsesa ere ezin aipatu gabe utzi.
Alabaina, saria irabazteko hautagaiak ere milioika dira zorionez: mundu guztira barreiatu diren matxinadetan parte hartu dutenak, Donostia, Ondarru, Iruñean… herri harresia osatutakoak, espetxean edo urrun baldintza makurretan burua makurtu gabe tinko jarraitzen dutenak, kaleratzeen kontra diharduten langileak… Sarea, kalea, edozein delarik ere esparrua, jasaten ari garen iruzurraren aurrean «nahikoa da!» esan eta alternatibak eraikitzen saiatu den edonor. Saria? Zapaltzen gaituzten guztiekiko ASKATASUNA! Ekinez, egingo dugu! Mandelak zioen legez, Amandla!
Mikel Urdangarin (Ernai Beasain)