'On egin?' Horrela ez, eskerrikasko!
Legazpiko Udalak martxan jarritako 'On egin' bonoen aurrean, oso kritiko agertu dira Legazpiko tabernariak:
Azken egun hauetan eta Covid 19aren ondorioz udaletxe eta tabernarien elkarteko kideen artean hamaika bilera egin baditugu ere, tabernariok elkarlanerako aukera paregabe bat galdu dugula uste dugu; udalak ez gaitu kontuan hartu hartutako erabakietan. Ez tabernetan kontsumoa bultzatzeko kanpainarekin, ezta tabernak lehenago irekitzeko hartu beharreko erabakiekin ere. Prozesua motela izan da, gutxienez guk horrela ikusi eta bizi izan dugu.
On Egin bonoak ez onartzea erabaki dugu; erabaki gogorra, latza, eta, geure buruaren kontrakoa badirudi ere, ezinbestean hartutakoa. On Egin bonoek taldeko kide batzuk baztertu egiten ditu. Bakarrik janariarekin lan egiten dugun tabernek erabili dezakegu, eta ezin dugu gure arteko ezberdintasunik onartu.
On Egin bonoen helburua Covid 19ak kaltetutako sektore ekonomiko honi laguntza eskaintzea baldin bazen, ez dugu ulertzen, eta ezin dugu onartu, orain aldebakarrez eta inorekin adostu gabe «bizitza osasuntsuaren» inguruko kanpaina bat bihurtzea, kontraesanez betea. Ados egon gintezke horrelako kanpainekin, eta, etorkizunean, horrelakoetan bidelagun izateko eskaini nahi dugu geure burua, baina, gure iritzi apalean, gure mesedetan bultzaturikoa, ezin da gu gabe egin.
On Egin bonoak kudeatzeko sistema ere ez zaigu egokia iruditzen. Tabernan eta bezeroarekin egin beharreko lana asko korapilatzen duela uste dugu; batetik bonoekin ordaindu daitekeena eta bestetik ezin daitekeena, honen inguruan eman beharreko azalpen eta argibide guztiak, eta abar.
Beraz, pena eta atsekabez beterik, ezin diogu gure oniritzirik eman udalak bultzaturiko kanpaina honi. Ez gaude ados kanpainarekin, eta ezin dugu onartu udalak gurekiko azaldu duen jarrera.
Bukatzeko gure bezeroei, legazpiar eta legazpiar ez zaretenoi, beti bezala gure esker ona adierazi nahi dizuegu eta gurera etortzen jarraitzera gonbidatu nahi zaituztegu. Etorri zuen etxera, zain gaituzue.
Milesker.