Palestina, industria eta lanuzte orokorra

Bi urte dira jada Israelek Gazaren aurkako erasoaldia abiarazi zuenetik, hondamendi ikaragarria eta hamarnaka mila palestinarren heriotza eraginez. Basakeria hau ezkutuan egin nahi izan du Israelek gainera, Gazako komunikazio seinaleak blokeatuz eta kazetariak kanporatuz. Eraso militarraz gain, Gaza setiatu eta oinarrizko produktuen, elikagaien eta laguntza humanitarioaren sarrera ukatu du. Horren adibide dira laguntza humanitarioa zeramaten ontzien aurkako erasoak eta bertan zihoazen aktibisten atxilotze eta deportazioak.
Genozidioaren irudiek eta palestinarrek suntsipenaren eta armada israeldarraren aurrean erakutsi duten adore eta duintasunak, ordea, mundu osoan zehar mobilizazio jendetsuak eragin ditu bi urte hauetan eta bereziki azken hilabeteetan. Horren adierazle izan dira “La Vuelta”-ren eta Israel Premier Tech-en parte hartzearen aurkako mobilizazioak edo Iruñean Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako mobilizazio jendetsua palestinar erresistentziaren alde, eta hor kokatu behar direla uste dugu asteazkenerako deitutako lanuzte orokorra zein mobilizazioak.
Azken asteetan mobilizazioak indartu izanak eman ditu emaitza batzuk. Atzo arte Israelen alde posizionatu izan diren alderdi eta estatu askok, beraien posizioak berrikusi eta moldatu behar izan dituzte presioaren ondorioz. Orain palestinar estatua onartzen omen dute batzuk, baina ze estatu? Gaza suntsituta eta Zisjordania 750 mila kolono israeldarrez beteta dagoenean?
Azken egunotan bake negoziazioak intentsifikatu badira ere presioa handitzeko unea da, adostutako su-etenak ez baitu barnebiltzen Palestinaren kolonizazioarekin amaitzeko inolako proposamenik. Negoziaketan inolako aurrera pausorik egongo bada, Israelen posizioa ahultzetik eta palestinar erresistentziarena indartzetik etorriko da. Horregatik, Israelek Europan dituen interesak seinalatu eta aurre egin behar diegu. Harreman kultural, politiko eta ekonomikoak eten behar dira sionismoarekin.
Israelen egonkortasunerako eta bere nagusitasuna bermatzeko ezinbestekoak zaizkio Europako enpresekin dituen harreman ekonomikoak mantentzea. Gurean ezagunak dira CAF, Irizar eta MCC-k dituen harreman komertzialak, eta badaude gehiago ere. Industriako langileok palestinar herriari laguntzeko ardura eta ekarpen handia egiteko gaitasuna dugula uste dugu zentzu honetan.
Asteazken honetarako deitutako lanuzte eta mobilizazioak sustatu eta Israelekin harremanak etetea mahai gainean jarri behar da. Enpresa bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, langileok sakon hausnartu beharko genukeela uste dugu bide horretan egin dezakegun ekarpenaren inguruan. Hausnarketa honek, ordea, urgentzia handia du. Palestinar herriaren kolonizazioa eta azken bi urteetako genozidioa aspaldi hasita baitaude eta denbora kontra daukagu.













