Peatonalizazioa eta bizilagunen eskaria

Duela gutxi, Zaldibiako Santa Fe kaleko 23, 25 eta 27 atarietako bizilagunok herriko kale nagusiaren peatonalizazio ereduaren inguruan gure kexa eta proposamena aurkeztu genion udalari. Era berean, HITZAra helarazi genuen testua, herri guztiak jakin zezan zer eskatu genuen, inolako informazio okerrik egon ez zedin.
Erantzun ofizialik ez dugu jaso, baina «protesta zilegiak» eta «ez zilegiak» ezberdintzea modan jarri den garai hauetan, kexa prentsara bidaltzea gaizki iruditu zaiola adierazi berri du alkateak HITZAn, «bilerarik deitzeko aukerarik ez diegula utzi», «prozesuan parte-hartzeko aukera egon dela», «guztiz zuzenak» ez diren esanak daudela idatzian, «pribilegioak» nahi ditugula, eta are larriagoa dena, bizilagunon eskariak betetzeko «segurtasun-kamerak beharko liratekeela», erantzunez. Guk eskatutakoa, baina, publikoa da eta hauek dira egitateak:
1. Peatonalizazio eredu honek hiru atari utzi ditu sarbiderik gabe. Ez gehiago, ez gutxiago.
2. Zaldibiako Udala ez da inoiz, ez eredua martxan jarri aurretik ez eredua martxan jarri ondoren, hiru atari horietako bizilagunekin bildu.
3. Plazaren diseinuari buruz zein mugikortasun jasangarrirako plan desberdinak aztertzeko egin diren bileretan parte hartu izan dugu herritar gisa batzuok, eta eredu zurrun hau ez da mahai gainean egon. Hemeroteka hor geratzen denez, hauxe zioen alkateak kargua hartu berritan, 2023an, HITZAko elkarrizketa batean: «Plazaren eraberritzea mugikortasun jasangarriko planarekin uztartu nahi dugu, trafikoa murriztu, trantsitua gutxitu, erdi peatonalizatu, eta ume zein gazteentzako zonalde irekiagoa gera dadin, eta helduak ere lasaiago ibil daitezen». «Erdi peatonalizatzea» ez da 20 orduz kalea ixtea, gauean, barne.
4. Proiektua ezagutzeko eta iritziak emateko epea eta moduak: uztailaren 2an batzar batean jakinarazi, eta abuztuaren 30ean egin zen publiko ohar baten bidez, irailaren 8tik aurrera plaza ingurua peatonalizatzen zela. Inolako alegaziotarako eperik ireki gabe eta inolako galdeketarik egin gabe.
5. Mugikortasun murriztua dutenei hasieratik esan omen zaie, «udaletxean eskaera eginda, sartu-irtenak egiteko baimena emango zaiela». Bizilagun horiek sartu-irtenak baimenduta izatea eskatu dute, ez atera edo irten behar diren bakoitzean abisua eman behar izatea. Are gehiago, 17:00etatik aurrera udaletxean inor ez dagoenean. Inongo bizilagunek ez du udalaren agiririk, sartu-irtena baimentzen zaionik.
6. Hiru atari horietako bizilagunok, karga-deskarga egiteko baimena eta gauean aparkatu ahal izateko baimena besterik ez dugu eskatu.
7. Udalak bere kabuz hartu du kamerak jartzeko erabakia, bizilagunok ez dugu zerikusirik, ezta nahi ere!
Euskal Herri osoan egoiliarrek dituzten eskubideak besterik ez ditugu eskatzen.













