Urbiako fonda
Aurten bete dira 100 urte Urbiako fonda eraiki zela. Baita bertan telefonoa jarri zela ere. Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriaren ekimena izan zen, Ignacio Aranburu Gorosabel Segurako alkate eta Partzoneriko lehendakaria zela. Hurrengo urtean (1926) omenaldia egin zitzaien Ignazio Aranburu eta Aita Lizarralderi fonda eta baselizaren bultzatzaile izan zirelako. Omenaldia Euskal Herriko Mendi Elkarteak antolatu zuen Antxon Bandres lehendakari zela.
Partzoneriko lurralde osoa Gipuzkoan dago. Gipuzkoako lau herrik (Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegama) eta Arabako bik (Donemiliaga eta Asparrena) kudeatzen dute eremu hau.
Pasa diren 100 urteetan gorabehera asko izan ditu fondak, baina beti aurrera egin du. Gaur egun baina, itxita dago. Pena da, baina hauxe da errealitatea.
Nire ustez egoera honek hausnarketa bat eskatzen du.
Denok, bizitza erosoago eta errazagoa bilatzen bizi gara. Herrietan errepide hobeak, etxe ederragoak eta abar. ditugu, baina ez da hori Urbian bizi direnen egoera. Artzainak, fonda eramaten dutenak… ogia erostera joateko adibidez Arabara joan behar dira eta ikusi egin behar nola dagoen pista. Penagarri. Badute meritua.
Etorkizunean Urbia gaur dagoen bezala ikusi nahi badugu, neurri batzuk hartu behar dira. Bestela, etorkizun iluna izango du paraje horrek.
Honek Gipuzkoatik bide berri bat egitea eskatzen du, elektrizitatea eraman eta interneta ere eskatzen du. Bertako bizilagunei bizitza errazago egitea azken finean.
Denon ardura da. Erakunde publikoena: Partzoneria, Oñatiko Udala… eta zergatik ez, ArantzazuLAB-ren laguntza onuragarri izan daiteke Urbiak eta Arantzazuk beti izan duten lotura handia kontuan izanik. Badakit Gipuzkoako Foru Aldundia horrelako zerbaitetan laguntzeko prest egon dela eta oraindik ere badagoela.
Bidea hor dago. Ideia berriak, gogoa eta lana azaldu behar dira.
Ezin ahaztu fondaren urteurrena ere ospatzeke dagoela. Badakit Aritz eta Ruper ospatzeko prest daudela eta Partzoneria ere berdin izatea espero dugu.

Fonda eta baselizaren bultzatzaile izan ziren Ignazio Aranburu eta Aita Lizarralderi omenaldia, 1926an.













