Ataungo EATE abesbatza
Tartean isiluneko eten bat izan bazuen ere, duela 25 urte sortu zuten Ataungo EATE abesbatza. Uztailaren 20ean Organo Barrokoaren jaialdian izango dira hurrena, jendaurrean.
Duela 25 urte, 1994. urtean sortu zuten Ataunen EATE Abesbatza, 13 emakumezkok eta 14 gizonezkok osatuta. Maximo Aierbe eta Dionisio Etxeberria izan ziren bultzatzaile nagusiak, Maximo Aierbe zuzendari zutelarik.
EATEren jendaurreko lehen kantaldia 1995eko azaroaren 4ean izan zen, Beasaingo Akordeoi Orkestrarekin batera Ataun San Martingo elizan. Eta 1996ko urtarrilaren 6an egin zuen aurkezpen emanaldia. Azken kantaldia, berriz, 2005eko azaroan, Jentilen Etorreran egin zuten. Herrian eta herritik kanpo ere kantari ibili ondoren, hamabi urte iraun zuen ibilbide honek, 2006. urtean abesbatza desegin zen arte.
10 urte isilik egon ondoren, 2016ko urtarrilean ibilbide berri bati ekin zion, ordea, EATE abesbatzak. Gaur egun 24 emakumezkok eta 14 gizonezkok osatzen dute abesbatza berritua eta hauetatik 11 kantari, hasieran ere aritutakoak dira. Zuzendari lanetan Maximo Aierbe ari da, zuzendari laguntzaileak Nekane Eskisabel, Marixabel Begiristain eta Dionisio Etxeberria dituela.
2016. urteko azaroaren 5ean egin zuen EATE abesbatza berrituak aurkezpena jendaurrean. Zazpi kantaz osatutako kantaldia izan zen, Ataungo txistulari taldearekin eta organo-jotzaile Jon Munduate bertako musikari gaztearen laguntzaz, Ataun San Martingo elizan.
EATE abesbatzaren kantutegia euskal kantek osatzen dute; euskal kanta zaharrak eta, gehienbat, gure garaikideak, joan zen mendeko 60. hamarkadatik gaur egun artekoak, alegia. Azken alor honetan, dauden harmonizazioz baliatuz eta ez dagoenean, harmonizazio berriak landuz. Abesbatzaren errepertorioa, oro har, euskal kantaz osatzen da, baina, tartean euskarazkoa ez den kanta klasikoren bat kantatzeari uko egin gabe, hala egokituko balitz.
Hori EATEren ibilbidea, labur emanda. Joan zen igandean, ekainaren 30ean eman zuen momentuz azkenekoa den kantaldia jendaurrean: Ataungo Aiako festen baitako egitarauaren barruan, bertako elizan.
Hurrengo jendaurreko saioa, berriz, hilabete honetan bertan, uztailaren 20ean izango da, San Martingo elizan: Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko XIII. Jaialdian. Ataungo Organo Barroko Iberikoan Ana Belen Garcia andoaindarra arituko da; ahotsa eta perkusioa eskainiko ditu Thierry Biscary baxenafarrak; ahotsa, gitarra ttunttuna eta alboka Mixel Ducau lapurtarrak… Eta Ataungo EATE abesbatzak, jaialdi honetako musikari guztien laguntzaz, beraiek harmonizatutako euskal kantuak eskainiko dizkigu.
Ataunek izan ditzakeen altxor, dohain, bertute nahiz bestelako nahi adinako gauza on guztien artean, garrantzitsuenak ataundarrek beraiek sortutakoak dira, zalantzarik gabe. Eta horixe da EATE: herritarrez osatua, kantuarekin eta musikarekin norberak gozatzeko beste helbururik gabe, baina beraiekin gozatu nahi duenari ekitaldiak musutruk eskainiz.
Ez dakit asmorik duten 25. urteurrena ospatzeko, baina orduan “zoro” batzuek izan zuten ausardia hark emandako fruitua, agerian da.