Galeratik berreskurapenerako ibilbide miresgarria
Euskara etxean jaso dugunok ez dakit ohartzen garen aukera hori izan ez dutenek eta, haurtzaroa igarota, gaztaroan edo beranduago euskara ikasi dutenen eta ikasten ari direnen ahaleginaren muntaz. Gogoeta hauek piztu zaizkit buruan urtarrileko Mailope hilabetekarian (6-8 or.) Jone Gabariri egin dioten elkarrizketa irakurrita.
Bertan amona Angelita Juanenaren bizipenak kontatzen ditu eta hunkitu egin naute. Astiztarra eta euskaradun sortu bazen ere Iruñera joan behar izan zuen bizitzera amonak, erdara oso gutxi zekiela. Han euskara oso gaizki ikusia zegoela eta, eten egin zuen transmisioren haria, bere ondorengoei hizkuntza ezkutatzeraino, hauek gaizki pasa ez zezaten. Une batez pentsatzen jarri naiz zein trantze gogorra izan beharko zuen zeure erraietan sortu zaizun hizkuntzari uko egin eta inguruan nagusi zen hizkuntza arrotza eman behar izatea zeure umeei, haiek bizitzan aurrera egiteko ahalik eta arazo gutxien izan zezaten. Euskal Herriko hainbat lekutan euskara berez edo modu naturalean galdu zela diotenei erakusteko modukoa da Angelitaren bizipena, leku askotan pasa behar izan baitzuten patu beretik euskaldunek.
Hari honi tiraka beste gogoeta hau ere sortu zait: euskara etxetik jaso dugunok batzuetan zein arin epaitzen ditugun amona Angelitaren moduko portaerak, zabarkeriaz edo utzikeriaz jokatu zutela salatzeraino sarri, benetan atzean dagoen tragedia handiaz ohartu ere egin gabe…
Azkenik, ohartzekoa da Jone bilobak, euskara ikasteko ahalegina egiten ari zela, animatzailerik handiena amona zuela aitortzea, hark bere garaian gaizki egin zuena zuzendu nahiko balu bezala… Kontuak kontu, gaur egun Jone euskaltegiko irakasle da eta familia euskalduna sortu du bi belaunaldi ondoren. Hau izango da galeratik berreskurapenera dagoen bide malkartsua baina ederra. Miresgarria da bide hori egin dutenen ahalegina eta egiten ari direnena. Izan dezatela adorea eta kemena transmisioaren hariari eusteko eta guk behar duten laguntza eskaintzen asma dezagula…