AMPO ORDIZIA vs U.E. SANTBOIANA ATARIKOA
Igande honetan eguerdiko 12:00tan Ampo Ordiziak estatuko errugbiko aintzindaria den U.E Santboiana aurrez aurre izango du Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldian. Ezer gutxi dago berririk esateko Kataluniako taldeari buruz, sortu zenetik hamaika kopa eta sari lortu baiditu. Egun bi taldeak nahiko parekatuta daude sailkapenean, garaipen eta porrot banarekin, nahiz eta Ordiziarrek puntu bat gehiago izan, Santanderreko... Read More
Igande honetan eguerdiko 12:00tan Ampo Ordiziak estatuko errugbiko aintzindaria den U.E Santboiana aurrez aurre izango du Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldian.
Ezer gutxi dago berririk esateko Kataluniako taldeari buruz, sortu zenetik hamaika kopa eta sari lortu baiditu. Egun bi taldeak nahiko parekatuta daude sailkapenean, garaipen eta porrot banarekin, nahiz eta Ordiziarrek puntu bat gehiago izan, Santanderreko Independientearen aurkako garaipenean lortutako bonusari esker.
Santboitarrak txapelketako errugbi talderik eraginkorrenetako bat osatzen dute zalantzarik gabe. Jokalari gehienak harrobikoak izanik, elkarrekin jolasten ohituta daude aspaldidanik, eta ondorioz baloia lapurtzen dutenean edo aurkariak akatsen bat egiten duenean ez dute maiz barkatzen . Garaipena lortzekotan, Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldeak akatsak ekidin eta zigor kolpeak ahalik eta gutxien eman beharko ditu. Baldiri Aleukoak touch-maul binomioa ezin hobeto burutzen dutenez, defentsa zereginetan arreta eta tentu handiz aritu beharko dira kontzentrazioa galtzeke.
Bi taldeak sentimentu kontrajarriekin zelairatuko dira, ordiziarrek Burgosen jasandako porrot mingarria lehen bait lehen ahaztu nahian, eta kataluniarrek aldiz, El Salvadorren aurka azken jokaldian lortutako garaipen handia gogoan dutelarik.
Altamiran filosofia bera duten bi talde neurtuko dira, harrobi oparoetan oinarritutako bi talde, atzerriko fitxaketen bidez gabeziak bikain estaltzen dakitenak. Kataluniako taldean etxeko Nil Baro eta Albert Millan nabarmendu ditzakegu eta kanpotik etorritakoen artean Ignacio Contardi edo zortzi zenbaki ahalguztiduna den Afa Taulli, Ohorezko Mailan egun jokatzen dutenen artean entsegu gehien lortu dituen jokalaria.
Goierritarrak gogotsu daude, are eta gehiago Goia anaiak bueltan baitaude Leoiaren XVarekin Uruguaitik biran parte hartu ondoren. Honi gehitu behar zaio azken bi fitxaketak, Calylib Oosthuizen pilierra eta bigarren lerroan arituko den Keegan Munroren debuta ikusteko aukera izango dugula.
Ez da asteburu honetan Altamirako zelaian jokatuko den partida bakarra, Moyua Goierrik 23 urtez azpikoek bere ligako txapelketari hasiera emango baidiote datorren larunbatean arratsaldeko 4.00etan Santanderreko Independientearen aurka. Ordiziarrak aipatutako ligako B multzoan kokatu dira, eta lehen fasean kantabriarrez gain, U.E Santboiana, Getxo Etorkizuna, Les Abelles eta Barça Rugby izango dituzte aurrez aurre.
Aurreko denboraldian lortutako bostgarren postua hobetzeko asmotan, sailkapenean jauzi kualitatiboa egin nahi dute ordiziarrek, eta zergatik ez, ligako titulua irabazteko borrokan erabat murgildu. Aurreko astean Pepe Rojo zelaian Pucelako El Salvadorren aurka lortutako garaipen izugarria gogoan dutelarik, erakutsitako mailari eusten saiatuko dira.
Denok ezagutzen dugun pandemia dela eta, bi partidak ateak itxita jokatuko direnez, zaleek adi egon beharko dute klubak eskainiko dituen esteketara streaming bidez ikusi ahal izateko.