HERRITAREN PARTE-HARTZEA, SANTA ANA JAIETAKO ANTOLAKETAREN GAKOA
Koadrillekin soinua, ibilgailuen erabilera eta espazioen okupazioa era antolatuagoan moldatzeko hobekuntzak adostu dira
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Arantxa Fernandez jaietako zinegotziak eta programan jasota dauden ekimenak antolatzen dituzten elkarteetako ordezkari batzuek aste honetan hasiko diren Santa Ana jaiak aurkeztu dituzte. Betiko edo ohiko ekimenez gain berrikuntzak ere egongo dira, besteak beste, barraka eremuaren eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa eta 24ko danborrada udaletxeko balkoitik jarraitzeko aukera. Udal ordezkariek azpimarratu dute kuadrillen partaidetza hobetzeko koadrillekin egin duten lana eta aurreratu dute galdetegi bat zabalduko dela jaien inguruan ordiziarrek duten iritzia ezagutzeko. Txupinazoa Ordizia Kirol Elkarteak botako du hilaren 24ean 12:00etan.
Berrikuntzen artean, argazki erakusketa bat ipiniko da D’Elikatuzen uztailaren 14an, osteguna, eta bertan, Ordizia Kirol Elkarteak 75 urtean egindako historia-ibilbidea ikusi ahal izango da. Larunbat honetan, Kuadrilla Txikien egunean, apar-festa egingo da Altamirako ‘anexoan’. Uztailaren 23an, Upabialdeako skate parkean skate Jam Session txapelketa egingo da 16 urtez azpiko kategorian eta Open eta Masters kategorietan. Euskadiko 50 skater hoberenak bertan izatea espero da. Uztailaren 24ko gauerdian Deabru Beltzak taldeak kaleak girotuko ditu "Su a feu" ikuskizunarekin. Era berean, herritarrek 25 eta 27ko disko-parrandan dantzatu edota abesteko erabiliko den musika aukera dezakete dagoeneko www.kpk.eus web gunearen bidez; 25ean arratsaldean Trío Veracruz taldeak joko du eta Azabache orkestak 27ko iluntzean.
Programaren oinarrian duela urte askotatik hona antolatzen diren ekimenak ditugu. Kontuan izan behar dugu guztiok gozatzeko eta dena prest izateko Ordiziako pertsona eta erakunde batzuek ekimen hauen antolaketan borondatez lan egiten dutela hilabeteetan zehar. Bestalde, programan toki zabala hartzen dute kirolak, musikak eta tradiziozko ospakizunek.
Barrakak Bizkaian eta bigantxak Idoiagan
Barraketako eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa egin da agertoki edo ekimen hauen sarbidea hobetzeko, izan ere, sustatzaileen ustez, San Bartolomeko kokalekuak jarduna lausotzen du. Udal zerbitzu teknikoak aukera ugari aztertu zituen eta barrakak ipintzeko kokaleku egokia Bizkaia pasealekua zela ikusi zuen, Orexa parke ondoan. Beste alde batetik, gertuago dagoenez, bigantxa-plaza Buztuntzan ipiniko da, Idoiaga plazan. Bizkaia pasealekuko aipaturiko zatia itxita dago eta ibilgailuak Buztuntzan barrena pasatzeko aukera dute.
Jaietan errespetuz
Udal arduradunek azpimarratu dute egun hauetan gozatu egiten dela baina garrantzitsua dela errespetuzko jarrera izanez gozatzea. Norbere burua eta besteena errespetatu behar da, mota guztietako mendekotasun eta gehiegikeriak saihestuz -indarkeria orokorrean eta matxistaren edozein zantzu barne-; besteen lana errazteko laguntza emanez -batzuek gozatzeko beste pertsona batzuek lan egin behar dutelako-. Eta gogora ekarri nahi dugu egun hauetan ere sortzen ditugun hondakinak banatu egin behar ditugula eta kaleak, berdeguneak, eraikinak, etxebizitzak eta ibaiak, inguruan dugun dena, garbi mantendu behar ditugula.
Honekin batera, Fernandezek programa antolatzen lagundu duten pertsonen lana azpimarratu du. Batez ere gazteen partaidetza eta festak era egokian garatzeko egin dituzten ekarpenak nabarmendu ditu. Talde txikiekin egin ziren bilerak hasieran eta bukaeran bi bilera egin ziren, guztira batezbeste 80/90 gaztek hartu dute parte. “Hitz egin dugu eta bizikidetza hobetzeko erabakiak hartu ditugu, beraien ustez ere bideratu behar liratekeen gaiak aztertu dira, besteak beste, soinu-bolumena, ibilgailuen erabilera eta errespetuan oinarritutako bizikidetza. Pertsona batzuen jarrerak kaltetu dituen txirrindularitza lasterketarekiko, boxeo-saioarekiko eta beste ekimen batzuekiko errespetuaz jardun dira. Gainera, matutinako gauean Gudarien etorbidean kuadrillek espazioak era antolatuagoan okupatzeko zozketa egin dugu. Horrela, gazteek ez dituzte orduak igaroko toki bat hartzeko. Eta musika ekipoentzat argi-indar puntuak jarriko ditugu, gasolio sorgailuak erabili ez daitezen, arriskua sortzen baitute’.
Danborrada, balkoitik ikusteko aukera
Lehenengo aldiz, Udalak osoko bilkuren aretoko balkoian egoteko eta bertatik uztailaren 24ko danborrada ikusteko aukera emango die herritarrei. Balkoian egoteko interesa dutenek eskaera egin behar dute udaletxeko herritarren arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30etara) edo komunikazioa@ordizia.eus helbidera idatzita, izen-abizenak eta telefono zenbakia emanez. Ordizian erroldatua egotea derrigorrezkoa da. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da eta aukeratua izango duen pertsona bakoitzak balkoira lagun bat eraman ahalko du. Eskaera epea 20an amaituko da eta 21ean egingo da zozketa.
Webgunean galdetegia
Berrikuntza gisa, herritarrek festei buruzko iritzia eman ahal izango dute. Horretarako www.ordizia.eus webgunean galdetegi bat ipiniko da uztailaren 28tik abuztuaren 7ra. Galdetegira sartzeko “Ordizia hobetzen-Mejorando Ordizia” bannerrean klik egin behar da. Amaitutako festen iritzia emateaz gain 2017ko programarako iradokizunak egin ahal izango dira.
PROGRAMA: https://issuu.com/barrenakulturetxea/docs/jai_egitaraua_ordizia_-_santa_ana_2