ORDIZIAN ELKARTASUNAREN ALDE
Elkartasunari bide emango dio Ordizian elkarteak Eguberrietan
Ordiziako merkatari eta ostalariak biltzen dituen Ordizian elkarteak elkartasunari bide eman nahi dio Eguberrietan, Etiopiako Wukro komunitatean eskola bat eraikitzeko dirua biltzeko Etiopia-Utopia irabazi asmorik gabeko erakundearekin bateraZure Gabonak bildukanpaina jarri baitu martxan. Egitasmo xumea da oso. Hala nahi duten herritarrek, Goen kalean egokituko duten lokalera joan, eta haien Eguberrietako opariak bilduko dizkiete euro baten truke. Imanol Apalategi Etiopia-Utopiako ordezkariaren arabera, dirua lortzea da kanpainaren helburuetako bat, baina baita Ordiziako herritarrak sentsibilizatzea ere.
Horrez gain, datorren astelehenean Addis Abbeba-Wukro dokumentala proiektatuko dute Barrenan, 19:00etan, eta Aldaketarako hezkuntza izenpeko argazki erakusketa ere jarriko dute.
Erakusleihoen lehiaketa
Ez da hori Ordizian elkartearen berritasun bakarra. Zuzendaritza berritu dute orain gutxi –Estitxu Ruano Matxain da lehendakari berria– , eta aurreko zuzendaritzak egindako «lan onari» jarraituz, hainbat ekintza antolatu dituzte Eguberriei begira. Nabarmenena Eguberrietako erakusleihoen lehiaketa da.
Eguberrietako argiak gaur piztuko dituzte Ordizian, eta horien osagarri, 18 dendak erakusleihoak atonduko dituzte hilaren 21etik urtarrilaren 5era. Herritarrek eta bezeroek egingo dituzte epaile lanak, www.ordizia.comwebgunean botoa emanez. Hauek dira parte hartuko duten saltokiak: Carrion, Farmaetxe, Gofi, Gorosti, Irurena, Lekuona, Lirain, Ness, Ness Men, Palomo, Pinocho, Porfirio Fernandez, Ugalde, Urdanet, Vicuña Confeccion, Zabale, Vicuña Sport eta Zipi-Zape. Boto gehien jasotzen duten hiru dendek izango dituzte sariak, eta boto-emaleen artean ordenagailu eramangarri bat zozkatuko dute.
Horrez gain, abenduan zehar Ordizian txartelarekin erosketak egiten dituzten bezeroek 5, 10, 20 eta 50 euroko erosketa-txartelak irabazteko aukera izango dute, Ordizian elkarteko saltokietan trukatzeko. Dagoeneko 1.000 lagunek baino gehiagok egin dute txartela, eta egin ez dutenei, egiteko deia egin diete.
HITZA