Gizon bat
Eusebio, goizari koska egiten zion pala baten zaratarekin esnatu zen. Ez zen zozoaren kantua, ez eta putzuko bonbaren triki-traka; metala zen, ezin egona zen. Bizarra egin gabe jantzi, betiko bota beltzak jarri eta etxetik kanpora irten zen. Atzo heltzen hari ziren baben tokian gaur zinta gorri eta kasko horiak zeuden. Txaleko fluoreszentea zeraman gizon batek Continue Reading
Eusebio, goizari koska egiten zion pala baten zaratarekin esnatu zen. Ez zen zozoaren kantua, ez eta putzuko bonbaren triki-traka; metala zen, ezin egona zen. Bizarra egin gabe jantzi, betiko bota beltzak jarri eta etxetik kanpora irten zen. Atzo heltzen hari ziren baben tokian gaur zinta gorri eta kasko horiak zeuden. Txaleko fluoreszentea zeraman gizon batek besoa altxa zuen artaldea geldiarazten duenaren moduan.
-Hortik irten behar duzu, aitona -esan zion begiratu ere egin gabe. -Agindua da, egitasmo estrategikoa da.
Eusebiok ez zuen ulertzen. Ez zeukan nori deitu. Bakarrik bizi zen. Hainbeste denbora zen gauzekin bakarrik hitz egiten zuela: ur-putzuarekin, sagarrondoarekin, arratsalderoko bostetako intxaurrondoaren itzalarekin… hondeagailu erraldoiari begira zegoen begiak lausotuta. Bere atzean, kareztatutako etxeak museo baten hormak bezala bere bizitzako kolpeak gordetzen zituen: makulu baten kolpea atearen ondoan, olio berriaren erremin gozoa sukaldean, habeetan pilatutako hauts fina. Estrategiko hitzari gerra ebakuazio itxura hartzen zion.
-Etxea nirea da, paperak dauzkat, itxaron pixka bat… -esan zuen etxera sartzen zen bitartean.
-Egon hemen, aitona, guk ere badauzkagu paperak, ezta? -esan zion besazpian karpeta bat zeraman beste bati.
Leihatila zenbaki bat eman zioten, ez etxea ez eta baratzea ere agertzen ez ziren plano bat eta “birkokapen aukeren” zerrenda bat. Sinatu egin behar zuen. Eusebiok denbora eskatu zuen, eta sinatu beharrean, orain bai, etxe barrura sartu zen eta aspaldi ez zebilen txuri-beltzeko telebistaren azpiko kaxoi batetik metalezko gaileta kaxa bat atera zuen. Han zeuden bere aita zenaren eskriturak, zer irekitzen zuen ez zekien burdinazko giltza zahar bat, gutun-irekitzeko bat, 1969ko elurtean berak bere eskuekin artilea moztu zion ardiaren ile-sorta bat eta kristalezko pote bat. Honen barruan sagarrondoaren enborraren oinetik jasotako lur beltza. Guztiak oihalezko poltsa batean sartu zituen. Bidera irten aurretik, sagarrondotik ernamuin bat kendu zuen bere hatz egoskorrekin eta paper bustian jaso zuen. Ez zuen agur esan: barrura aldera errezitatzen duenaren antzera mugitu zituen ezpainak soilik.
Birkokapena balkoirik gabeko bosgarren pisu bat zen. Leihotik antena haztegi bat zirudien teilatu baten zabaltza ikusten zen, eta hezetasun orbanak. Asko. Igogailuak lixiba usaina zuen. Han ere ez zuen inor ezagutzen. Ez zuen inork ezgutzen. Metalezko buzoian paper batean hizki ulergaitzean Eusebio H. Bera izango ote zen.
Hiriak bere marea propioa zuen: gauean ere itzaltzen ez zen trafikoaren marmar amaiezina. Eusebiok sagarrondoaren lurra zuen kristalezko potea leiho-ertzean pausatu zuen eta begira jarri zitzaion, barruan kaiola berrira ohitu behar zuen animalia bat balego bezala.
Lehenengo astean ez zuen lorik egin. Egurraren karraska falta zitzaion, goizaldean bakarrik eteten zen bere etxe xumearen ondoko ur-txorrotaren jarioa, ordua jakin arazten zion urrutiko txakurraren zaunkak… Gasolindegi bateko tabernako zerbitzariari letoizko kontserba potoak erosi zizkion eta leihoan jarri zituen bata bestearen ondoan. Labanarekin zuloak egin zizkien. Bere kristalezko poteko lur beltza lur berriarekin nahastu eta potoak bete zituen. Sagarrondoaren ernamuina txertatu zuen batean eta azken unean sukaldetik jasotako baba batzuk landatu zituen besteetan. Edalontzi batekin ureztatu zituen: begiak itxi eta errutina hark taupadak bueltatzen zizkiola iruditu zitzaion une batez.
Arratsaldero, paseoaren ondoren, formikazko mahaiaren aurrean eseri eta bere lursaila marrazten zuen buruz. Maraztuz eta marraztuz, topografo batek baino zehaztasun gehiagorekin sortu zuen bertako mapa: haizeak gogorren jotzen zuen bihurgunea, sugandilek eguzkia hartzen zuten horma zatia, ura topera zetorrenean gainezka egiten zuen kanalaren bazterra. Paperaren eskuin aldean oharrak idazten zituen: bostetan intxaurrondoaren itzala iturriaren txorrotaraino. Oilo azkarrak hemendik igarotzen zuen patioa. Setoa gorputzarekin behartuz lehorra dagoen tokitik zabaltzen da. Arkatzari punta kamusten zitzaionean labanarekin zorrozten zuen eta eroritako txirbilak potetxo batean biltzen zituen, gauza guztiak berriro bere onera etorri ahalko balira bezala.
Laugarren pisura jendea etorri zen, baina Eusebiok, bakarrik jarraitzen zuen. Batzuetan, loredun bata bat zuen emakume batek ogia uzten zion ate ondoan. Behatxulotik ikusten zuen. Edo atezainak ea zerbait behar zuen galdetzen zion. Berak ia denetik zuela erantzuten zion: ura pilatzeko kuboa, abanikoa udako beroa pairatzeko, pinu errearen ke usaina zuen tolestutako manta bat. Falta zitzaion gauza bakarra, hori bai, makinak geldi araziko zituen hitza zen.
Goiz batean atariko ate ondoko banku batean eserita zegoela horman itsatsita zegoen afixa bat irakurri zuen. “Doako aholkularitza: etxebizitzak, lurrak, desjabetzeak”.
Txapela kendu eta bere izena esan zuen. Gizon gazte batek arretaz entzun zion. Epeez hitz egin zuten, helegeiteetaz, “forma akatsaren ondoriozko deuseztasuna” izena zuen zerbaitez. Eusebiok ez zuen esan zion guztia ulertu, baina hitzordu batekin eta besapean karpeta bat zeramala irten zen. Bosgarrenera etorri zenetik, lehen aldiz, eskailerak ez zitzaizkion hain astunak egin.
Babak agertzen hasi ziren. Sagarrondoaren ernamuinak heldu zuen. Hasieran puntutxo berde bat izan zen, ondoren hosto txiki baten burugogorkeria eta geroago hari moduko bat “banago!” garrasi egin nahiko lukeena. Eusebiok aulkia leihoaren ondoan jarri zuen. Arratsalderoko bere errituala zen: ureztatu, begiratu eta oharrak jaso. Tapa gogorrak zituen koaderno batean “itzulera” idatzi zuen eta azpian, hazten zen zentimetro berri bakoitza idazten zuen. Hiriak, arrotz, bere zaratarekin jarraitzen zuen. Haur bat negarrez, autobusak arrankatzerakoan garrasia. Ernamuina heltzen zihoan, ganoraz. “Ez dago gobernatuko ez dudan sagarrondorik”, pentsatu zuen ia delitua iruditu zitzaion pozaz.
Goiza argitsu eta garbi zegoen hesiraino gerturatzea erabaki zuenean, ez borrokatzera, begiratzea bakarrik. Bakarrik, begiratzea. Azken metroak alboko bide batetik egin zituen, ikusezin, garai bateko azeriek ibiltzen zutena. Zinta gorriak han jarraitzen zuen, gorago jarrita, kartel berri bat zegoen: “Merkataritza-parkea, laster”. Atzean, lurra lau. Baina gertu, putzua egon zen tokian, bezperan botatako euriak usain ezagun bat altxatu zuen: menta belarra. Makurtu egin zen. Harri eta obra hondarren artean hantxe zegoen menta belarra, burugogor bere tokia erreklamatuz. Eusebiok begiak itxi zituen: une batez zein ordu zen ordulari zaharra begiratu gabe jakin zuen agurtzen ziola zirudien txakurraren zaunkak entzunda.
Bi eskukada lur jaso eta potean sartu eta alde egin baino lehen, hesiaren ondoan txanpon txiki bat eta giltza zaharra zapi batean bilduta utzi zituen. Ez zen etsipena, keinu bat zen. Lurrak jakin zezan, begiak irekitzean, bera oraindik bere bila zebilela.
Helegitea zuhaitzak hazten diren modura jarraitzen zuen: poliki eta isilik. Aholkulariak gutunak modu ulerkorrera itzultzen zizkion. “Interes orokorra” eta “egokitasun publikoa” aipatzen zuten. Eusebioren erantzuna: beti, lehen, oraindik… Batzuetan bere aitaren esaldi bat oroitzen zuen: “lurrak ez daki dekretuetaz, komeni zaionaz daki”. Etxera itzultzean, ureztatu eta leihoko kristalean bere aurpegia ikusten zuen islatuta, gizon zahar bat atsekabetuta bere babak letoizko potetan hazteko ahaleginean. Etxe barruko txorimalo itxura hartzen zion bere buruari, eta barregura ematen zion horrek.
Eguerdi batean pote batetik eroritako bi baba lurretik jasotzen ari zela ate joka etorri zitzaion atariko atezaina. Gutun bat iritsi zen. Goreneko instantzia batek desjabetzea berrikustea onartzen zuen. Ez zen garaipen bat, baina ostarte bat zen. Eusebiok ez zeukan norekin ospatu; atezainarekin, zergatik ez. Babetako bat eman zion, “jan, jan, osasuna!” Atezaina eskaileran behera abiatu zen eztulka babari koska egitean honen mingostasunak eraginda.
Udan, txertoak kimu berri bat eman zuen. Gezurra zirudien bosgarren pisu batean, urtarorik ez zeukan asfaltoan, sagarrondo baten lorea zabaltzen ausartzeak. Eusebio begira egon zitzaion gaua iritsi arte. Hurrengo goizean azokara gerturatu eta buztinezko ontzi zabalago bat erosi zuen lau txanponekin. Kristalezko poteko lurrez bete zuen eta behatzarekin zulotxo bat egin zuen. Hemen berriro hasten da zerbait, pentsatu zuen.
Ez zekien bere lurrak berreskuratuko ote zituen, hesia botako ote zuen, paperean idatzitako hitzak karteletan idatzitakoak baino indar gehiago izango ote zuten… baina ziur zegoen ez zuela etsiko. Hiru gauza gordetzen zituen poltsikoan: formikazko mahai gainean marraztu zuen mapa tolestuta, hazi lehor bat eta goizalde hotz batean inor begira ez zegoela erreskatatu zuen giltza zaharra. Astuna zen une oro gainean eramatea, baina astunagoa zen itxarotea.
Lorea fruitu txiki batean mamitu zen. Eusebiok letra larriz idatzi eta azpimarratu zuen bere tapa gogorreko koadernoan. 1go SAGARRA. Hesiaren ondoan jango zuela zin egin zuen. Irudia imajinatu zuen. Txapel handi baten azpian gizon ximur bat sagar txiki bati koska egiten kartel handi baten ondoan. Irribarre egin zuen. Irudia erretratu esanguratsu bat iruditu zitzaion.
Eta horrela jarraitu zuen: bizitza osoan bakarrik bizi izan zen agurea ingurukoekin harremanak izaten berrikasten. Ez jendearekin, gauzekin eta ekintzekin baizik: paperekin, kimu berriekin, mapekin, zola urratuekin, atsekabeekin. Gauza gutxi zituen, baina aditzak ugari, nahikoa: itzuli, ureztatu, izendatu, gorde, erreklamatu, bizi, iraun. Erabili ahalko zituen bitartean, mundua, bere mundua, ez zen galduko. Eta hori, bere adinean, nahikoa arrazoia zen goizero jaikitzen jarraitzeko, arkatza zorroztuz, eta leihatila zuzenean “berea” nola zihoan galdetzeko. Hori eta burdinazko giltzak zer irekitzen ote zuen asmatzeko.













