Patxi Iraola bertsolaria hil da
Osinalde Sariaren lehen edizioa irabazi zuen bertsolaria hil da gaur Zaldibian, 86 urterekin. Patxi Iraola 1965ean hasi zen jendaurrean bertsotan, eta harrez gero botatako bertso asko eta bere garaiko beste bertsolari askorenak jaso zituen 'Naizen apurra' liburuan.
Patxi Iraola Garmendia bertsolaria, epailea eta gai jartzailea hil da gaur Zaldibian, jaioterrian, 86 urte bete eta hiru egunetara. Astelehenean, hilaren 29an egingo diote agurra, Zaldibian bertan.
Txikitatik izan du Patxi Iraolak bertsoarekiko zaletasuna. Goierritarra aldizkariak 2009an egin zion elkarrizketan esan zuenez, aita izan zen ezagutu zuen lehen bertsolaria, tabernatan eta elkarteetan abeslari ibiltzen baitzen. Etxean ere, Olegi baserrian, bazuen bertsoa, amak bertso zaharrak kantatzeko afizioa zuelako eta anaia eta biok Uztapide eta Basarriren plantak eginez ibiltzen zirelako, elkarri bertsoka. Hala, bertsolaritzarekiko griña handituz joan, eta plazara atera zen; Zaldibian bertan debutatu zuen, 1965ean, Jose Mari Aranburu lagun zuela. Jesus Eskisabel ‘Jainkoa’ legorretarrak bultzatu omen zuen jendaurrean agertzera. Handik aurrera, saio dezente egin zituen, batez ere Nafarro aldean 1972-1974 tartean.
Txapelketatan ere aritu zen Iraola. Lehena, jendaurrean hasi eta urte betera izan zen, 1966an, Ordizian; bigarren geratu zen, Segurako Intsaustiren ondoren. Lehen Osinalde Saria bereganatu zuen hurrengo, 1971ean, Gabirian.
Ona izateko, bertsolari batek “zer esan duen, zer esan behar duen eta non bukatu behar duen”, zuzen eraman behar duela zioen Iraolak. Bere ezaugarriei dagokienez, ateraldi handikoa eta erantzule zuzena zela jaso zuen Argia aldizkariak 1991ean egin zioten elkarrizketa batean. “Bertsoen dotorezia bestearen arrazoiari zuzen eta egoki erantzutean” datzala zioen orduan.
2009an ‘Naizen apurra’ izeneko liburua argitaratu zuen, bere biografia, historia eta 700 bertso jasotzen zituena. Bertso haietkao gehienak bereak ziren.
Bertsolaritzatik erretiratuta zegoela, 2014an oemnaldia egin zion Zaldibiako Beti Gazte jubilatu elkarteak. Bertsotako lana bezainbeste eskertu zioten “bere bizitza osoan ingurukoei emandako zerbitzu eta lan ona”. Euxebio Igartzabal, Aranburu, Altzo Txiki, Aitor Irastortza eta Rufino Iraola anaiak bertsoak kantatu zizkioten. Daniel Belokik eta Xeto Garmendiak musikaz alaitu zuten ekitaldia. Ordukoa da argazkia.
Goierriko Hitzatik jasoa