CAFeko langileek bilera egingo dute ostegunean Gipuzkoako Aldundiarekin
Berria.info- Beasaingo (Gipuzkoa) CAFeko zuzendaritzak 750 langileri eragingo dien aldi baterako erregulazio dosierra aurkeztu zuen duela bi aste eta, horren harira, langileek manifestazioa egin dute gaur Donostian, Amara hoteletik Bulebarrera, egitasmoa salatzeko asmoz.
10:30ean hasi da, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean, CAFeko langileen manifestazioa. 20 autobus heldu dira Goierritik Donostiara. Sirena hotsak eta txistuak entzun dira martxaren hasieran. Bidean Borroka da bide bakarra oihukatu dute.
Aldundiaren parera heldu direnean, Juan Carlos Alduntzin ahaldun nagusiaren kabinete burua eta Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatua jaitsi dira, eta datorren ostegunerako bilera hitzartu dute langileen ordezkariekin.
Adolfo Masid CAFeko langileak BERRIAri azaldu dio protesta egin dutela, Gipuzkoako gizarteak “jakin dezan” zer ari den gertatzen enpresan. “Inposaketa” salatu nahi dutela adierazi du. “Ehun milioi euro baino gehiago dituen enpresa honetan langabezira bidali nahi gaituzte; iruzurra iruditzen zaigu, iruditzen zaigu ez dela bidezkoa. Arazo hauek beste era batera konpondu behar ditugu, elkarrizketaren bidez, eta ez inposaketa bidez eta lan erreforma bidez”.


















