Atzegik adimen urritasuna dutenekin selfieak egitera deitu du, aurtengo kanpainan
Atzegi elkarteak aurtengo kanpaina aurkeztu du Beasainen eta Legazpin. Elkarri on leloarekin, adimen urritasuna duten pertsonek uste baino gehiago ematen dutela azpimarratu nahi dute aurten. Elkarri on leloak bi esanahi dituela azaldu zuen Mitxel Lakuntza famili zerbitzuko koordinatzaileak: elkarri on egitearena eta elkar piztearen on (piztu ingeleraz). Aurtengo kanpainaren barruan, herritarrei selfie bat ateratzeko eskatu diete, adimen urritasuna duten lagunekin eta Facebook, Twitter edo Whatsappez (609 70 37 06 telefono zenbakira) banatzeko eskatu dute.
Beasaingo aurkezpenean izan ziren, beste hainbat lagunen artean, Koldo Ibañez eta Maialen Arratibel, Atzegiren aurtengo kanpainako irudiak. Koldok azaldu zuenez, adimen urritasuna duten pertsonekin “denbora azkar pasatzen da”, eta era berean “ez dago ezertarako presarik”. “Pixka bat hobeak izaten” ere laguntzen dutela zioen.
Atzegiren kanpainako bideoa ere eman zuten aurkezpenean, eta bertan Beasaingo pertsona ezberdinek Maialen Arratibelen konpainian zeinen ondo sentitzen diren azaltzen zuten. Arratibel ere gustura azaldu zen.