Bihar goi tentsioko linea salatzeko elkarretaratzea egingo dute Iruñean
Nafarroako Gobernuaren aurrean 12:00etan biltzeko deia egin du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Goierritik autoz joateko Mutiloako plazan elkartuko direla jakinarazi dute, 10:30eanEspainiako Gobernuak 2015-2020 Energia Plangintzaren barruan sartu...
Nafarroako Gobernuaren aurrean 12:00etan biltzeko deia egin du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Goierritik autoz joateko Mutiloako plazan elkartuko direla jakinarazi dute, 10:30ean
Espainiako Gobernuak 2015-2020 Energia Plangintzaren barruan sartu du REE Red Electricca de España enpresaren goi tentsioko linearen proiektua. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu (Nafarroa) artean 400 kilowatteko linea eraikitzea eta Ezkio-Itsasotik Orkoien (Nafarroa) bitartean dagoen linearen potentzia handitzea dira proiektuaren xedeak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak plangintzari ekarpenak egiteko aukera dute martxoaren 3ra bitartean.Autopista Elektrikorik Ez plataformak bihar Nafarroako Gobernuaren aurrean elkarretaratzea egiteko deia egin du, 12:00etan. Goierritik autoz joango dira, Mutiloako plazatik aterata, 10:30ean. Goi tentsioko linearen proiektua salatzeaz gain, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egiteko aukera eskatuko du plataformak biharko elkarretaratzean. Proiektuaren gaineko eskumen zuzenik ez izan arren, Nafarroako Gobernuak linearen aurka egiteko eskatu nahi dute Parlamentuan, plangintzari alegazioak aurkeztuta.
Linearen kontrako taldeak jakinarazi duenez, REE enpresaren txostenek elektrizitate kontsumoaren jaitsiera nabarmena izan dela adierazten dute. Errealitate horren aurrean lineen potentzia handitzea eta linea berriak eraikitzea «ulertezina» dela salatu dute. «Itsaso-Deikaztelu linea eraikitzearen arrazoiak ez du zerikusirik igarotzen dituen eremuetako energia beharrekin, Frantziara energia esportatu ahal izateko behar den autopista elektrikoarekin baizik», salatu du plataformak.
Nafarroa, argudiorik gabe
Egoera honen aurrean Nafarroako Gobernua linearen alde egiteko «argudiorik gabe» geratu dela esan du plataformak. Izan ere, nafar gobernuak argudio hori eman izan dio linearen aurkako taldeari proiektua babesteko: lineak Nafarroako hainbat herritako energia beharrak aseko dituela. Energia Plangintzan bertan ageri da, ordea, 400 kilowateko linea berria Frantziara esportatzeko erabiliko dela.
Iazko urriaren 25ean Donostian egin zuen elkarretaratzea linearen aurkako plataformak, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin biltzeko eskaera luzatu zuten ordukoan, goi tentsioko linearen proiektua plangintza elektrikoan ez sartzeko. Azken hilabeteetan bildu dira gobernuetako ordezkariekin, eta Nafarroakoak bizkarra eman diela salatu dute, «elektrizitate enpresei fabore egiteko».