Espainiako Estatuaren esku geratuko dira elkarte horiek, eta baita Euskal Herriko beste 95 gehiago ere. Jon Gorrotxategi beasaindarrari urte eta erdiko zigorra ezarri dio
Beasaingo Arrano taberna da Auzitegi Gorenaren aginduz konfiskatuko den egoitzetako bat
Goierriko zortzi ‘herriko taberna’ konfiskatzeko erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Espainiako Estatuaren esku geratuko dira, baita Euskal Herriko beste 95 elkarte ere. Beasaingo Arrano, Lazkaoko Antsoategi, Legazpiko Legazpi Eginez, Ordiziako Irriki, Segurako Elorri, Urretxuko Aldiri, Zaldibiako Osinberde eta Zumarragako Ama-Lur dira konfiskatuko dituzten egoitzak. Herri horietan mobilizazioak egin zituzten atzo, eta datozen egunetan egingo diren protesta ekimenei adi egiteko deia egin dute.
Ebazpenean, Goreneko epaileek azaldu dute erakunde “terrorista” batek, bere helburuak lortzeko, ez duela soilik indarkeria erabiltzen; alegia, “jardun politikoan zilegi diruditen elkarteak” erabiltzen dituela, baina, funtsean, erakunde horrek zuzentzen dituela.
2013ko urrian abiatu zen epaiketa, eta iazko uztailean eman zuen Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia. Bertan eman zuen 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua, “ETAren egitura” finantzatzeagatik. HB, EH eta Batasunaren legez kanporatzearen atarikoa izan zen Baltasar Garzon epaileak irekitako instrukzioa. Defentsa abokatuek helegitea jarri ondoren, maiatzean elkartu dira epaileak helegiteak aztertzeko, eta atzo eguerdian kaleratu zuten helegite gehienak baztertzen dituen 728 orriko epaia.
Sumario horretan auzipetua egon da Jon Gorrotxategi beasaindarra. Gorenak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Gorrotxategiri, eta inhabilitazioa epe horretan. Auzitegi Nazionalak lau urteko inhabilitazioa ezarri zion joan den uztailean. Auzi horren harira atxilotua izan zen, eta bi urte egin zituen kartzelan, 2002ko apiriletik 2004 maiatzera. Ez du espetxera itzuli beharko. “Bagenekien ez zela aurrerago joango. Aringarri batzuk bazeuden, eta maila pertsonalean ustekaberik ez dut hartu”.
Epaiaren “larritasunaz”
Hamahiru urtez luzatu da auzia, eta prozesuak eragindako kostuez gain, sortzen den kalte politiko eta ekonomikoari ere erreparatu dio. “Ezker abertzalearen kontrako jazarpenaren barruan kokatu beharra dago epaia. Euskal Herrian ehunka prozesu egon dira, eta gaurkoa [atzokoa] urrats bat gehiago da bide horretan. Lan politikoaren kriminalizazioak goia jo du, eta ikusi da Euskal Herrian pentsaera guztiak ez direla libre. Hori da epai honen larritasuna”.
Ezker abertzaleko kideak adierazi du “lan kulturala, soziala eta politikoa” egin dela elkarte horietan, eta «erabat ezabatu nahi» direla lan hori egiteko espazioak. “Eragiten duen kalte ekonomikoaz gain, herritar asko eta asko lanerako tresnarik gabe geratuko dira”. Ondasun horien jabetza galduta, estatuak zer prozedura legal hartuko duen jakiterik ez dagoela nabarmendu du.
Elkarretaratzeak
Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko
elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herritan, eta gaur (ostirala) iluntzerako ere egin dituzte deialdiak:
- Beasainen: 19:00etan, Arrano parean.
- Lazkaon: 19:30ean, plazan.
- Ordizian:19:30ean, plazan.
- Seguran: 18:00etan batzarra eta 20:00etan elkarretaratzea
Zortzi elkarteak
Beasain. Arrano elkartea.
Lazkao. Antsoategi elkartea.
Legazpi. Legazpi Eginez.
Ordizia. Irriki elkartea.
Segura. Elorri elkartea.
Urretxu. Aldiri elkartea.
Zaldibia. Osinberde elkartea.
Zumarraga. Ama-Lur elkartea.