Jaione Sasieta itsasoarrak irabazi du Ehunmiliak
Ehunmiliak ultratrailaren sei aldietatik bostetan podiumera igotzea lortu du Jaione Sasieta korrikalari itsasoarrak. Gaur, goreneko mailara. Nesketan Sasietak irabazi du Ehunmiliak proba. Goizeko 2:27an helmugaratu da. Denera 32:27:54 orduko denbora osatu du.
Jaionek Sasietak nabarmentzeko moduko partaidetza du Ehunmilietan. Txapeldunorde bi aldiz izan da (2010ean eta 2013an), eta hirugarren beste bitan (2011n eta 2012an). Podiumera igo ez den orain arteko aldi bakarrean, iaz, laugarren egin zuten emakumezkoetan.
Gizonezkoetan, Ehunmilietan lehendabiziko goierritarra Adur Mendizabal zaldibiarra izan da. 7. postuan iritsi zen helmugara (25:22:17 ordu, Imanol Aleson garailearengandik 1:11 ordura), atzo arratsaldean. Gaur (igandea) 9:20an Ehunmilietako 97 parte-hartzaile zeuden helmugara ailegatuta.
Bestetik, ostiralean Urretxun bihotzekoak eman zion korrikalariaren osasun egoera hobera egiten ari dela azaldu du antolakuntzak, gaur goizean. Ehunmilietan parte hartzen ari zen 56 urteko atleta beasaindar batek Urretxuko Ederrena frontoian izan zuen ondoeza, jan-edan gunean. Bihotzekoa han izan zuen. Antolakuntzako mediku batek eta ultratrailean partaide zen beste mediku batek artatu zuten, lehen unean. Desfibriladore bat ere bazegoen, tokian bertan. Donostiako Ospitalera eraman zuten, ebakuntza egitera. Gaur “kordea berreskuratuta eta egonkor” dagoela jakinarazi dute.