Carlos Mediavillak Zumarragako boxeo jaialdian ateratako argazkiak
Gabriel Moreno eta Ekaitz Jaunarena zumarragarrek beraien konbateak irabazi zituzten.
Larunbatean boxeo jaialdia egin zuten Zumarragako Beloki pilotalekuan. Beloki pilotalekuan egin den lehen boxeo jaialdia izan da. Hamar konbate egin zituzten. Jaialdian parte hartu zutenen artean Erlantz Tejada profesional bizkaitarra eta Gabriel Moreno eta Ekaitz Jaunarena amateur zumarragarrak izan ziren. Hiruek beraien konbateak irabazi zituzten.
Moreno gazte mailan lehiatzen da. Larunbatean Joni Jimenez nafarrari nagusitu zitzaion, puntuetara. Jaunarena, berriz, elite mailan aritzen da. Larunbatean Unai Leiva nafarraren aurka lehiatu zen. Hirugarren roundean epaileak konbatea gelditu zuen eta garaipena boxeolari zumarragarrari eman zion.
Biak Eraztunbox herriko klubeko kideak dira. Klubeko arduraduna Aitor Abel zumarragarra da. Oso pozik ageri da bi gazteek egindako lanarekin. «Lan bikaina egin zuten. Oso ondo pasa genuen eta beraiek oso pozik daude. Konbateak oso ondo prestatu zituzten», aipatu du.
Boxeoa kirol berria da Zumarragan eta gustura ageri da jendearen erantzunarekin. «Antolatzaileek lan bikaina egin zuten eta ikusleek ondo erantzun zuten. Giroa bikaina izan zen».
Tejada bizkaitarrari dagokionez, oso erraz nagusitu zitzaion Fernando Ermes italiarrari. Konbatea lau roundetara zen, baina bilbotarrak bakarra behar izan zuen italiarra garaitzeko. Epaileak konbatea gelditu zuen, lehen rounda amaitzeko segundo bakar batzuk falta zirenean.
Zortzi roundekoa
Zortzi roundeko konbate bat ere egin zuten Yazid Ezzaidani (Burgos, Espainia) Eduardo Martinezekin (Venezuela) lehiatu zen. Espainiarra nagusitu zen, puntuetara. Emakumezkoetan, Jare Martinez eta Ines Indurain lehiatu ziren. Martinez nagusitu zen.
Horra hor Carlos Mediavillak ateratako argazki bikainak.













