Hiru Lauko final jokatuko dira Beasainen: hilaren 23an eta 24an infantil mutilena, hilaren 30ean eta maiatzaren 1ean senior neskena, eta maiatzaren 7an eta 8an 1. mailako senior mutilena.

Datozen hiru asteburuetan Gipuzkoako saskibaloiaren hiriburu izango da Beasain. Hiru Lauko final jokatuko dira Antzizar kiroldegian. Beasaingo
Arri BKL saskibaloiko taldeek egiten ari diren denboraldi onaren saria da.
Asteburu honetan, infantil handi mailako mutilen txanda izango da, 2002 urtean jaiotako mutilena. Ligako lehenengo lau taldeak lehiatuko dira: Orio Arrasateren aurka ariko da, eta Beasaingo Arri BKL (2. sailkatu da) Iraurgiren aurka. Beasaindarrek larunbatean jokatuko dute 18:00etan.
Hurrengo asteburuan, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, senior nesken Lauko finala jokatuko da. Beasaindarrak azken momentura arte laugarren postua lortzeko lehian aritu badira ere, azkenean ez dira lauko finalean sartu.
Loinatz jaietako lehenengo asteburuan, berriz, 1. mailako senior mutilak lehiatuko dira Antzizar kiroldegian. Kasu honetan, Beasaingo taldea, ligako lehenengo sailkatua bertan izango da. Laugarren sailkatuaren aurka jokatuko du, maiatzaren 7an, 16:00etan. Talde bakarra igoko da 2. Nazional mailara.
Saskibaloiaren festa
Goi mailako hiru lehiaketa horiekin, Arri BKLekoek datozen hiru asteburuak
saskibaloiaren festa izatea nahi dute, eta ahalik eta jende gehien Antzizar kiroldegira gerturatzeko deia egiten dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «partida guztien hasieran, saskibaloi eskolako neska-mutilek agurra dantzatuko dute eta Saski Eskolakoek atsedenaldietan partida laburrak jokatuko dituzte. Infantil nesken taldekoek ere dantzak egingo dituzte».
Senior mutilen egunean, Loinatz jaietako lehenengo larunbatean, «danborrada eguna delako, Aizkorri Mendizale Elkarteko danborrada konpainia Antzizar kiroldegira joango da. Bi partiden tartean joko dute», zehaztu du De las Herasek. Era berean, Arri BKLeko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Beasaingo Udalari, maiatzaren 1ean Antzizar kiroldegia irekiko dutelako senior nesken finala jokatzeko. «Gure babesle guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, beraiek gabe ezin izango baikinen iritsi garen lekura iritsi».
Kadeteak ere finalean
Arri BKLeko beste bi taldek ere lortu dute Lauko finalerako txartela
. 2. urteko kadete mutilek larunbatean jokatuko dute final aurrekoa, Donostian, Altza kiroldegian, Easo Haranetaren aurka. Irabaziz gero, maiatzaren 1ean jokatuko dute finala.
Alebin neskek ere lortua dute Lauko finalerako txartela. Maiatzaren 28an eta 29an Arrasaten (Gipuzkoa) jokatuko dute.
Partidak
Larunbata: 16:00etan lehenegoa laugarrenaren aurka; 18:00etan, bigarrena hirugarrenaren aurka.
Igandea: 12:00etan final handia.