Iker Irribarriaren lehen entrenatzaile Martzial Garmendiak Aramako pilotariak Ordiziako Txapagain pilota eskolan pasatako urteak oroitu ditu. «Poz handia» sentitzen du, baina gehiegi famatzearen arriskuez ohartarazi du.

Iker Irribarria eta Jokin Altuna txapelekin, 2008ko maiatzean.
Artikulu hau ilustratzeko erabilitako argazkia 2008. urteko maiatzean ateratakoa da. Lau mutil koxkor ageri dira irudian: zutik, Andueza eta Sagastibeltza, eta pikotxean, Iker Irribarria eta Jokin Altuna, asteburu honetan jokatuko diren buruz buruko txapelketaren finalerdietan ariko diren bi pilotari. Gasteizko Zaramaga auzoko pilota txapelketa irabazi zuten ordukoan, artean alebinak zirela. Irribarria Ordiziako Txapagain pilota eskolan aritzen zen orduan, eta Altuna, Amezketako Zazpi-Iturrin.
«Txapelketa bat baino gehiago jokatu zuten orduan elkarrekin Irribarriak eta Altunak». Martzial Garmendia Ordiziako Txapagain elkarteko arduradunaren hitzak dira. Haren esanetara jo zituen lehen pilotakadak Irribarriak Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan. «Ikerren ama Aramako alkatea zela Marijo Olazabal inauguratu zen Aramako frontoia, eta han ere aritzen zen, baina 8-9 urterekin hasi zen gurekin Txapagainen. Orduan Ordizian aritzen ziren pilotan amaren aldeko Ikerren bi osaba, Josu eta Igor Olazabal».
«Ezker oso ona txikitatik»
Iker Irribarriak 14-15 urtera arte jokatu zuen Ordiziako klubean, eta Goierriko eta Tolosaldeko pilotari gazte askok bezala, Amezketako Zazpi-Iturrira jo zuen orduan, Xalton Zabalaren aginduetara entrenatzeko. «Ezker oso ona zuen txikitan, baina eskubia oso txarra. Gogoratzen dut entrenamendu batzuk eskubiarekin bakarrik egiteko agintzen geniola, pilotan bi eskuak menderatzea garrantzitsua baita».
Eskubiarekin ere moldatzen dela erakusten ari da orain kantxan Irribarria, baina Garmendiak dioenez, badu oraindik zer ikasia. «Pilotak kontrakantxara zabaltzen direnean gerria falta zaiola iruditzen zait, baina horretara ere jarriko da». Garmendiak «poz handia» sentitzen du Aramako mutila goi mailan ikusita, baina «arriskutsuak» iruditzen zazkio Olaizola II.aren aurkako partidaren ondotik jaso dituen laudorio guztiak. «Hogei urte ere ez dauzka oraindik».
Pilotekin konforme
Igandean Eibarko Astelenan Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko duen finalerdietako partidari buruz ere hitz egin du Garmendiak. «Oinatz pilotari desberdina da, pilotaren bila joaten da, eta efekto handia ematen dio. Ikerrek galtzen badu, partida ona eginda gal dezala. Oraindik gaztea da». Irribarria konforme agertu zen atzo partidarako aukeratutako bi pilotekin; Bengoetxea, berriz, kezkati.