Ion Izagirre irabazle Frantziako Tourrean, Morzinen
Ion Izagirre (Movistar) txirrindulari ormaiztegiarrak irabazi du Frantziako Tourreko azken aurreko etapa, Morzinen, Frantziako Alpeetan. Joux Plaineko azken gailurreko jaitsieran Vincenzo Nibali eta Jarlison Pantano atzean utzi ditu Izagirrek, eta bakar-bakarrik helmugaratu da Morzineko etapan. Tourrean lehendabiziko garaipena du Ormaiztegikoak. Frantziako Tourrean besoak jaso zituen azken euskalduna Juanma Garate izan zen. 2009an irabazi zuen Irungoak Mont Ventouxen.
Eguneko ihesaldian sartu da Izagirre, eta indarrak ondo neurtuz, Nibalirekin eta Pantanorekin pasa da Joux Plainetik. Gailurretik 12 kilometrora zegoen Morzineko helmuga, eta Ranfollyko gaina pasa ondoren, jaitsieretarako dituen dohainak ondo baino hobeto baliatu ditu Ormaiztegikoak. Megeve eta Morzine arteko etapak 146,5 kilometro izan ditu, eta tartean lau mendate puntuagarri.
Izagirrek “hanka onak” izan dituela, jaitsieran arriskatu egin duela, eta horrek eman diola garaipena nabarmendu du lasterketa amaierako adierazpenetan. Movistarrek, gainera, taldekako sailkapena irabazi du eta Nairo Quintana taldekidea 3. postuan sailkatu da nagusian.