Begoña Pereira: «Guztia inbaditu nahi duen abertzaletasuna frenatu beharra dago»
HAUTESKUNDEETAKO ELKARRIZKETAK: Begoña Pereira (PP)
Begoña Pereira (Zumarraga, 1958) Urretxu, Lizartza eta Zumarragako zinegotzia izan da. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako seigarren doa Gipuzkoako zerrendan.
Noiz eta nolatan erabaki zenuen Alderdi Popularreko zinegotzia izatea?
1994an afiliatu nintzen. Alderdi hau aukeratu nuen ez nengoelako, eta ez nagoelako, abertzaleen politikarekin ados. Ez nago gizartea uniformizatzearen alde eta, batez ere, garai hartan Euskadin bizi zen terrorismo, indarkeria eta giro fanatikoaren aurka nengoen.
Zein ibilbide osatu duzu politika munduan?
Nire ibilbidea 1995ean hasi nuen. Urte hartako Udal Hauteskundeetan Legazpiko alkategaia izan nintzen. Ondoren, 1999tik 2007ra, nire alderdiko bozeramalea izan nintzen Urretxun. 2007tik 2011ra, berriz, Lizartzan gobernatu zuen Alderdi Popularreko zinegotzi taldeko kidea izan nintzen. Bukatzeko, 2011tik 2015era Alderdi Popularraren bozeramalea izan nintzen Zumarragan.
Azken 20 urteetako hauteskunde kanpainak gertutik jarraitu dituzu. Nola ikusten duzu oraingo hau?
Kanpaina guztiak ezberdinak dira. Bakoitzaren helburuaren araberakoak dira. Oraingo hau azken urte eta erdiko laugarren kanpaina da. Hori dela eta, berezi samarra da. Gainera, gobernua aukeratzeko prozesuaren erdian dago eta horrek are bereziagoa bihurtu du.
Inkesten arabera, ez dituzue oso emaitza onak lortuko.
Aurreko hauteskundeetan inkestek ez zutela asmatu ikusirik, nahiago dut inkestei kasu handirik ez egin eta herritarren erabakiaren zain gelditu. Beraiek dute azken hitza.
Zenbat legebiltzarkide lortzea espero duzue?
Oraingo eserleku kopurua gainditu nahi dugu. Garai batean egun baino ordezkari gehiago eduki genituen eta Euskadiri Alderdi Popularrak Eusko Legebiltzarrean egun baino ordezkaritza handiagoa edukitzea komeni zaio. Euskadiko politikak Alderdi Popularra behar du.
Eta zer eskaini behar diezue zuek euskal herritarrei?
Abertzaleen proiektua boterea okupatzea da eta PP alternatiba bat da. Euste-horma bat gara. Guztia inbaditu nahi duen abertzaletasuna frenatu beharra dago.
Zein da Alderdi Popularraren eredua?
Euskadi ezberdin bat nahi dugu. Gure egitasmoak pertsonen beharrei, gure garapenari eta gure ekonomia indartzeari lehentasuna ematen die. Hori, Espainiara eta Europara zabalduz bakarrik lortuko dugu. Euskal politikako gidoia aldatu nahi dugu. Anbizioa izango duen Euskadi bat nahi dugu, Espainian zuen lidergoa berreskuratuko duena, berriro haziko dena, geldirik geldituko ez dena. Abertzaleen proiektuari aurre egingo dion alternatiba bat behar da eta alternatiba hori guk eskaintzen duguna da. Euskadiko gizarteari askatasun gehiago eta kontrol politiko gutxiago eskaintzen diogu.
Ciudadanos alderdiak botoak kenduko dizkizuen beldur al zarete?
Alderdi Popularraren posizioa foralitatea eta autogobernua mantentzeko garantia bat da. Foralitatearekin, kontzertu ekonomikoarekin eta euskal identitatearekin konprometitua egongo den alderdi nazional indartsu bat egotea guztiz beharrezkoa da. Euskadiren pluraltasuna, hiru herrialdean eskubideak, beraien arteko berdintasuna eta eskuduntza foralak defendatzen ditugu.