Izagirre anaiek ez dute Bahrain–Merida taldean jarraituko
Cycling Weekly atariaren arabera, litekeena da UAEra joatea
Izagirre anaiek Bahrain–Merida taldea utziko dute. Hala jakinarazi du Brent Copelandek taldeko zuzendariak. “Izagirre anaiak galtzea albiste txarra da, baina eskatzen duten soldata handiegia da”, azaldu du jabeak. Cycling Weekly atariaren arabera, litekeena da UAE taldera joatea. Hiru denboralditarako kontratua sinatuko lukete Arabiar Emirerri taldearekin. Zurrumurruen arabera, Skyren eskaintza ere mahai gainean dute.
Argi dagoena da WorldTour mailako talde batera joango direla ormaiztegiarrak. Goi mailako txirrindulariak dira, eta beraien palmaresa begiratu besterik ez dago: bi anaiak izan dira Espainiako txapeldunak errepideko proban; Ion Izagirrek Poloniako Itzulia irabazi zuen duela hiru urte, eta Tourrean eta Giroan etapa garaipenak ditu. Gorkak ere badu etapa garaipen bat Italiako Giroan. “Biak langile finak dira. Baina beraien ordezkariak eskatzen duen soldata gehiegizkoa da”, azpimarratu du Copelandek.