Antolatzaileak «oso gustora» agertu dira Urretxuko mineralen asteak izan duen harrerarekin
Herenegun amaitu zen Urretxuko XXIII. Mineralogia eta Paleontologia astea. Antolatzaileak «oso gustora» agertu dira ekintzek herritarren artean izan duten harrerarekin. Ederrena pilotalekuan 31 postu jarri dituzte aurtengo ferian eta azoka jendez beteta egon da hiru egunetan zehar.
Astearen arduradunek «bai azokan, haurren gunean edota irteeretan ibili den jendetza» nabarmendu dute. Argazki tailerra ere parte hartze horren erakusle da. Bi eguneko tailer moduan planteatu zuten hasiera batean, baina 40 pertsona bertaratu zirela ikusita, igandean ere hirugarren saio inprobisatu bat egin zuten. Azkenik, museoetako bisita gidatuek ere arrakasta handia izan dute. Urrelur museoan esaterako, ostiralean 9:00etatik 19:00ak arte orduerdiro eskaini zituzten bisitak.
Ibilaldi geologikoak
Atzo azkenik, eguraldiak lagundu ez arren, ibilaldi geologikoa egin zuten 35 lagunek Aizpurutxora. Bizikleta gainean egin zuten bidea,Txema Hernandez gaian adituak bailararen formazio geologikoari buruz eskainitako azalpenak entzunez.