Kudeaketa Plana legazpiarrekin partekatu du Foru Aldundiak
Edurne Egaña diputatua Legazpin izan zen pasa den azaroaren 3an, Foru Aldundiaren Kudeaketa Planaren inguruan herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzen. 20 legazpiar ingururekin bildu zen Lehendakaritza eta Foru Administrazioko diputatua, eta oro har, parte hartze dinamiketaz eta hauen eraginkortasunaz jardun ziren. Legazpiarrek «halako prozesuetan parte hartu ohi dutenen profila» edota «instituzioek halako prozesuei erantzuteko gaitasunik ba ote duten» galdetu zuten, besteak beste.
Gipuzkoa eraikitzen
Parte hartze prozesu hau Aldundiaren kudeaketa «herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko helburuz» sortu dute eta Gizarte Parte Hartzeko Foru Arauaren lehenengo ekimena da, Gipuzkoa eraikitzen izenpean. Egitasmo honen barruan, Gipuzkoako diputatuak eta foru zuzendariak udalerrietako herritarrekin eta eragileekin bilduko dira otsaila bitartean, kudeaketa planaren exekuzioa eta emaitzak helarazteko eta ekarpenak jasotzeko.
Hala, jakitera eman dutenez, formatu txikiko topaketa hauetan herritarrek «aukera izango dute Aldundiari interesekoa zaien gaien inguruko bilerak proposatzeko». Honez gain, foru erakundeak «dagokion diputatuarekin bilera antolatzeko eskaerak onartuko» dituela ere azaldu dute.