Sustraiez Blai jaialdiak debaldeko kontzertu batekin ospatuko du 10. urtemuga
Goierriko kulturen arteko jaialdiak hamar urte bete ditu dagoeneko, eta larunbat honetako festarekin ospatu nahi dute urteurrena. Jaialdi ibiltariaren filosofiarekin hasi zen Sustraiez Blai, eta hamar urteotan Goierriko hainbat herritan izan da, munduko musikak lau haizetara zabaldu nahian. Hemendik aurrera ordea, jaialdia Ordizian finkatzeko asmoa dute antolatzaileek. Larunbatean, Madagaskar, Katalunia edota Uruguaiko doinuak eskainiko dituzte, debaldeko emanaldian. Jaialdia hamar urtez mantentzea lortu badute, «boluntarioen lanari eta ilusioari esker» izan dela azaldu zuten atzo antolatzaileek, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Luis Camino musikaria eta bi sabel dantzarik lagunduta egin zuten agerraldia, eta Ordiziako jaialdian eskainiko dutenaren aurrerapen txiki bat ere eman zuten. Izan ere, Luis Camino eta Dilshad dantza taldeak elkarrekin egingo duten saioa izango da larunbateko kontzertuaren osagaietako bat. Haiekin batera, «mugarik gabeko rumba» egiten duen La Troba Kun Fu taldea etorriko da Kataluniatik. Kartel buru moduan berriz, Madagaskarreko herri musikaren ordezkari den Kilema musikaria gonbidatu dute. Musika eskaintza berezia da Kilemarena, bere herrialdeko instrumentuak eta doinuak ekarriko baititu. Jaialdi nagusiaz gainera, arratsalde parteko giroa berotzeko ekintza gehiago ere izango dira larunbatean Ordizian. Iban Nikolai didjeridu jotzaileak, Acoustic Glorius taldearekin batera joko du arratsaldeko zazpietan, Garagartza plazan. Segidan, Bilbotik datorren uruguaitar jatorriko Vaskandombeando batukada taldea ibiliko da kalez kale. Behin kontzertu [...]
Goierriko kulturen arteko jaialdiak hamar urte bete ditu dagoeneko, eta larunbat honetako festarekin ospatu nahi dute urteurrena. Jaialdi ibiltariaren filosofiarekin hasi zen Sustraiez Blai, eta hamar urteotan Goierriko hainbat herritan izan da, munduko musikak lau haizetara zabaldu nahian. Hemendik aurrera ordea, jaialdia Ordizian finkatzeko asmoa dute antolatzaileek. Larunbatean, Madagaskar, Katalunia edota Uruguaiko doinuak eskainiko dituzte, debaldeko emanaldian.
Jaialdia hamar urtez mantentzea lortu badute, «boluntarioen lanari eta ilusioari esker» izan dela azaldu zuten atzo antolatzaileek, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Luis Camino musikaria eta bi sabel dantzarik lagunduta egin zuten agerraldia, eta Ordiziako jaialdian eskainiko dutenaren aurrerapen txiki bat ere eman zuten. Izan ere, Luis Camino eta Dilshad dantza taldeak elkarrekin egingo duten saioa izango da larunbateko kontzertuaren osagaietako bat. Haiekin batera, «mugarik gabeko rumba» egiten duen La Troba Kun Fu taldea etorriko da Kataluniatik. Kartel buru moduan berriz, Madagaskarreko herri musikaren ordezkari den Kilema musikaria gonbidatu dute. Musika eskaintza berezia da Kilemarena, bere herrialdeko instrumentuak eta doinuak ekarriko baititu.
Jaialdi nagusiaz gainera, arratsalde parteko giroa berotzeko ekintza gehiago ere izango dira larunbatean Ordizian. Iban Nikolai didjeridu jotzaileak, Acoustic Glorius taldearekin batera joko du arratsaldeko zazpietan, Garagartza plazan. Segidan, Bilbotik datorren uruguaitar jatorriko Vaskandombeando batukada taldea ibiliko da kalez kale. Behin kontzertu nagusia bukatutakoan berriz, «diskoteka etnikoa» bihurtuko da Ordiziako Txindoki taberna, Lord Sassafras dj-ak saioa emango baitu bertan.
Sustraiez Blai elkarteko Oskar Sotok azaldu duenez, jaialdiaren oinarria «munduko musikak» dira; horregatik, urtero «kanpoko taldeak ekartzen saiatzen gara, baina Euskal Herrian egiten den musika ahaztu gabe». Horrela osatu dute aurtengo jaialdia ere, kanpoko eta bertako musikariak uztartuz.
Azken hamar urteotan, «Goierriko errealitate kulturala ere asko aldatu da» eta gaur egun, dozenaka herrialde eta kulturetako jendea bizi da gure herrietan. Errealitate kultural berri honi ere erreferentzia egin nahi dio Sustraiez Blai jaialdiak. Hala, musika emanaldiez gain, filme bat ere eskainiko dute Beasainen, hilaren 18an. Latcho Drom filmak, errumaniar jatorriko ijitu komunitatea du oinarri eta talde nomada batek Indian hasi eta Espainiaraino egiten duen ibilaldi musikala kontatzen du. Emanaldi honekin bukatuko dituzte aurtengo egitarauko ekitaldiak.
http://www.youtube.com/watch?v=dri2AX7-HOo