Zumarragako airearen kalitateari buruzko datu txarrak direla eta Ezker Abertzalearen azalpenak
Berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren zaintza-sareak 2009. urteari dagozkion datu txarrak azaldu ondoren (Diario Vasco, Hitza 2010-10-10), eta honen inguruan Mikel Serrano alkateak eginiko adierazpenei (Otamotz, ETB, Hitza,2010-10-11) erantzunez, Zumarragako Ezker Abertzaleak herriari honako azalpen hauek egin nahi dizkio:
- Argitaraturiko datuen jarraipen zehatza egiten ari gara 2007ko Ekainan zaintza-sarea martxan jarri zenetik : 2010eko Otsailean (Otamotz 2010-2-23) jakinarazi genuen 2009ko datuak txarrak zirela eta berriro ere, 2007an bezalaxe, Zumarragan legeak ezarritako mugak gaindituta zeudela.
- Zumarragako alkateak gezurra esan zuen , guri publikoki erantzunez, 2009ko datuak onak zirela adierazterakoan eta herria izutu besterik ez genuela nahi gaineratuz. Isildu eta Eusko Jaurlaritzaren datu ofizialen zain geunden, orain argitaratu (ekainetik ezagutzen baziren ere) eta gezurra agerian geratu da. Eta, esan al daiteke EAEan airearen kutsadurari buruzko legea hausten duten hiru herritako bat izatea berri ona dela?
- Datu biltzailearen funtzionamenduari buruzko zalantzak agertzerakoan ere seriotasun falta nabaria genuela esan zigun. Eta, 3 urte martxan egon ondoren konpondu, ordezkatu eta bigarren neurgailua jarri denean? Guri seriotasuna falta baldin bazaigu, alkatearen ezjakintasuna agerian geratu da gai hauek ezezagunak badira berarentzat.
- Eta zer esan daiteke ingurugiroari buruzko informeak publikoak izan behar direla legeak adierazten duenean eta Eusko Jaurlaritzak , Zumarragako PM10 partikulen osaketa ezagutuz, kaltegarriak direla esan beharko lukeela gaineratuz, 3 urte pasa martxan egon ondoren partíkula horien konposaketaren inolako berririk azaldu ez denean?
- Gezurretan ari zen orduan eta, oraindik larriago deritzogu, gezurretan segitzen du 2009ko datu txarrak ikusi ondoren legearen barruan gaudela esaten duenean, Eusko Jaurlaritzaren sarearen datuen arabera muga 24 aldiz gainditu denean 2010eko lehen 10 hilabetetan.
- Eta hori gutxi balitz tontotzat hartu gaitu beste guztiak trafikoa eta obrak eragile nagusiak direla esaterakoan. Zergatik onartu zuen orduan Arcelorrek 2008an , eragile garrantzitsuena izateagatik, Eusko Jaurlaritzak ( eta berak dio, ez guk ) ezarri zion espedientea? Zumarragak esate baterako Beasain edo Arrasate baino kutsadura handiago al dauka trafiko eta obren eraginez?
- Burla egin nahi digu alkateak enpresak neurriak hartu dituela esaten duenean? 2009ko udan jarri zen aspirazio berria ez dabil edo ez da martxan jartzen edo zer gertatzen da datuak txarrak errepikatzeko?
- Zergatik ez dira martxan jarri ikerketa bereziak Zumarragan beste herri batzuetan jarri baldin badira? Horrelako kasuetan legeak protokoloa ezarrita dauka. Ez da ba izango udal agintarien utzikeria? Ez al dira beraiek Gobernua presionatu behar dutenak? Komunikazio zuzena izango dute ba ingurugiro ardura beraiena baldin bada Gobernuan……
- Alkatearen ardura falta salatu nahi dugu herritarren osasunean kutsadurak duen garrantzia aintzat hartzen ez duelako. Jakin beharko luke denboran jarraian ematen den kutsadurak bidertu egiten dituela ondorioak (Zumarragan azken 3 urtetan frogatuak eta aurretiko urteetan ere behar bada). Eta arduragabekeria da, baita ere, esatea haurdun dauden emakumeei buruzko Inma ikerketak datu onak ematen dituela, eta besteak? Ikerketa honek herri erdiko eta hilabete jakin batzuetako datuak biltzen ditu. Alkate jauna : datu horiek berdinak ote dira herriaren goikaldean, herritarren heren bat bizi den lekuan?
- Serrano jauna, ez esan azpijokua dagoela ez dagoen tokian ; ez dauka inongo funtsik
baten bati interesatzen zaio datuak txarrak izatea
esateak. Gogorarazi nahi dizugu Eusko Jaurlaritza bera ( zure talde berekoa ) izan dela datuak azaldu dituena. Zuri dagokizu ingurugiroari dagokion legea bete dadin derrigortzea eta udal utzikeriagatik Zumarragako herritarren bizitza kalitatea okertzen joan ez dadin ahaleginak egitea. Komunikabideak erabil itzazu ez bakarrik zein ondo daramazun alkatetza esateko baizik eta honen inguruko ezarriko dituzun neurriak aditzera emateko.
Zumarragako Ezker Abertzalea
Inma Albisua, Aitor Garmendia, Xabier Barriola