Lazkaoko Forjas Irizarren bukatu da greba
Forjas Irizar lantegiko ekoizpeneko langileek urriaren 4an hasi zuten greba bukatu da. Hala jakinarazi du gaur CCOO sindikatuak, enpresan ordezkaritza sindikala duenak. Langileen eskari “guztiak” aintzat hartu ditu zuzendaritzak, eta bertan...
Forjas Irizar lantegiko ekoizpeneko langileek urriaren 4an hasi zuten greba bukatu da. Hala jakinarazi du gaur CCOO sindikatuak, enpresan ordezkaritza sindikala duenak. Langileen eskari “guztiak” aintzat hartu ditu zuzendaritzak, eta bertan behera geratu da 40 bat egun iraun duen greba. Hileko soldataren nomina kalkulatzeko modua finkatuko du enpresak aurrerantzean. Langileen arabera, orain arte “gorabehera handiak” izan dituzte hiletik hilera nominaren zenbatekoan, “gehigarri eta osagarrien taula konplexu baten bidez kalkulatzen zutelako”. CCOOk azaldu duenez %30eko gorabehera izan zitekeen kalkulu mota horren arabera. Oinarrizko soldata gisa bihurtuko ditu enpresak osagarri eta gehigarri horiek. Bestetik, “mehatxu eta jazarpen” akusazioei erantzunez, laneko harremanak eta langileekiko tratua hobetzeko “arrisku psikosozialen ebaloazioa” egingo du zuzendaritzak. Langileek “ia aho batez” onartu dituzte batzarrean proposamenak eta aldaketak, hilabete eta erdi iraun duen greba bukatutzat emanez.