Juan Mari Ibartzabal azpeitiarrak irabazi du Ataungo VII. Argazki Rallya
Hiru argazkilari zaletu saritu dituzte gaur eguerdian Ataunen, urriaren 3an ospatu zen Ataungo VII. Argazki Rallyari bukaera emanez. Juan Mari Ibartzabal azpeitiarrak lortu du lehenbiziko saria –haren ordez Azpeitiko argazkizale elkarteko kide batek ...
Hiru argazkilari zaletu saritu dituzte gaur eguerdian Ataunen, urriaren 3an ospatu zen Ataungo VII. Argazki Rallyari bukaera emanez. Juan Mari Ibartzabal azpeitiarrak lortu du lehenbiziko saria –haren ordez Azpeitiko argazkizale elkarteko kide batek jaso du saria–, eta Iñigo Rico zarauztarra geratu da bigarren, duela bi urte bezalaxe. Herriko lehenaren saria Andoni Aizpuruak jaso du. Garaikur bana, sariketara aurkeztutako irudi guztien muntaia DVDan eta diru saria jaso ditu bakoitzak.
Denera 43 lagunek parte hartu zuten urriaren 3ko rallyan. Lau sailetan atera behar zituzten argazkiak: leihoak, gorria eta iturriak gaiekin, eta laugarrena norbere gustukoa libre. Egunean bertan 25 argazki utzi behar izan zituzten partaideek antolakuntzaren esku, eta astebeteko epea izan zuten etxean lehiaketarako balioko zuten lau argazki, gai-sail bakoitzeko bana, aukeratzeko eta jakinarazteko.
Partaideen artean guztiak gipuzkoarrak izan dira, eta horietatik 24 goierritarrak. Bederatzi ataundarrek atera zituzten herriko bazterren argazkiak.
Gaur eguerdian irudi guztien proiekzioa egin dute Ataungo Herri Antzokian, eta bukaeran banatu dizkiete sariak. Udalaren Kultura Batzordeak adierazi du “Ataun handitu” egiten duela urterik urte argazki lehiaketak, “txoko berriak eta askotan ezezagunak aurkezteko balio baitu”. Aurreko deialdietatik partaideen lanen kalitateak gora egin duela ere esan du sarituetako batek.