Batu Gaitezen ekimenak erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak jasoko ditu
Gipuzkoako EAJk bultzatu duen Batu Gaitezen ekimena eskualdez eskualde zabaltzen ari da eta gaur, abenduan zehar Goierrin egingo dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte Beasaingo Igartza jauregian. Aitor Aldasoro (Beasaingo alkateordea) eta Itziar Agirre...
Gipuzkoako EAJk bultzatu duen Batu Gaitezen ekimena eskualdez eskualde zabaltzen ari da eta gaur, abenduan zehar Goierrin egingo dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte Beasaingo Igartza jauregian. Aitor Aldasoro (Beasaingo alkateordea) eta Itziar Agirre (Urretxuko zinegotzia) azaldu dira prentsaurrean. Batetik, Batu Gaitezen ekimenaren oinarriak azaldu dituzte. Aitor Aldasororen hitzetan, “Batu Gaitezen ekimenak elkartzen gaituen gizon-emakumeok bi printzipio dauzkagu: giza eskubide guztiak errespetatzea eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea bultzatzea”. Honekin batera, bakearen, aurrerapenaren edota lankidetzaren inguruko konpromisoak ere hartu dituzte. Helburu hauekin bat egiten duten goierritar guztiei, atxikimendua emateko deia ere egin diete, bai datozen asteetan egingo dituzten ekitaldietan, eta baita www.batugaitezen.com webgunean ere.
Batu Gaitezen plataforma, Goierri mailan dagoeneko hasia da aurreneko ekimenak antolatzen. Pasa den asteburuan mendi irteera bat egin zuten Arriaranen. Biharko berriz, Lazkaoko Areria kulturgunean jarri dute hitzordua. “Bakea eta erabakitzeko eskubidea” dokumentala eskainiko dute 19:30ean. Abenduaren 9an berriz, mahai-ingurua egingo dute, Igartza jauregian. “Euskal Herria mundu globalizatuan, etorkinak eta kulturen arteko harremanak” izenburupean, Patxi Juaristi eta Xabier Aierdi soziologoak ariko dira berriketan, 19:30ean hasita.
Abendurako antolatu dituzten ekitaldi hauez gain, aurrerantzean beste ekimen batzuk antolatzeko asmoa dutela ere iragari dute gaur goizeko agerraldian.