San Andres jaien barruan gaur haurrek Mozorrotuen Eguna ospatu dute
San Andres jaien barruan, gaur haur mozorrotuen eguna izan da eta beraz, etxeko txikiak izan dira protagonistak. Eguerdiko hamabietatik aurrera irekita zegoen haurrentzako parkea Zubipe kiroldegian. Adin eta tamaina ezberdineko umeei zuzendutako pu...
San Andres jaien barruan, gaur haur mozorrotuen eguna izan da eta beraz, etxeko txikiak izan dira protagonistak.
Eguerdiko hamabietatik aurrera irekita zegoen haurrentzako parkea Zubipe kiroldegian. Adin eta tamaina ezberdineko umeei zuzendutako puzgarriak zeuden bertan eta baita zezen mekanikoa ere. Bazkal ordura bitartean makina bat jolas egin dute bertara gerturatutako guztiek. Goizean mozorrotuta ez zebilen ume askorik, baina besteak beste, indio, lehoi, ehiztari, eta andaluziarrak ikusi ahal izan dira, baita ‘spiderman’ ere.
14:30etan haurrentzako parkea itxi dutenean, bazkaltzera joan dira guztiak. Arratsaldeko lauretan parkea irekitzearekin batera agertu dira berriz ere, soinean kolore eta forma askotako mozorroak dituztela. Printzesek, sorginek, indioek, bakeroek eta beste hainbat pertsonaiek eta animaliek bete dute Zubipe kiroldegia. Puzgarrietan gora eta behera, korrika, elkar harrapatzen, algaraka… denborari zuku guztia atera diote. Kanpoan, gradu asko egon ez arren, ez dute hotzik pasatu haurrek.
17:30ak aldera etenalditxo bat egin dute askaria egiteko. Guraso Elkartearen laguntzarekin opil bana txokolatearekin eta botila bana ur partitu dizkiete.
19:00etan Pilota Txapelketako finalak ziren egitekoak eta gauean berriz, 23:00etatik aurrera, helduen danborrada.