Loaldiko apnea, gaixotasun ezezaguna oraindik
«Nire bikotekidearen zurrungak normalak ote dira?» Gizon eta emakume askok egiten diote galdera hori euren buruari. Jendearen kezka horri erantzuna emateko helburuarekin, Iñaki Salegi Zumarragako Ospitaleko pneumologoak hitzaldia eman zuen abenduaren, Mutiloan. Baina ba ote dakigu benetan zer den zurrunga egitea? Salegik azaldu zuenez, ahoko eta eztarriko ehunek arnasa hartzerakoan dar-dar egiten dute eta dar-dar soinu horiek dira hain zuzen, zurrungak. Dirudienez, gauza arrunta da. Datuen arabera, gizonezkoen %40k eta emakumezkoen %30ek egiten du. Apnea Zurrunga egitea bere horretan ez da arriskutsua. Zurrunga egiteaz gain, lo dagoen pertsona horrek apneak ere egiten dituenean hasten da arriskua. Salegik azaldu zuenez, apnea arnasbidea ixtea da. «Horrek esan nahi du une batez airerik ez dela pasatzen eta itolarria eragiten duela». Apnearekin lotuta badago sindrome berezi bat: Loaldiko Apnea sindromea, hain zuzen. Sindrome hori oraindik ezezaguna da mediku askoren eta gaixoen artean eta berau ezagutzera ematea, medikuen lana dela uste du Salegik. Dagoeneko egin dituzte ikerketak eta jasotako datuen arabera, populazioaren %40k du sindrome hori. Gizen egonda %40 eta %90 artera ere iritsi daiteke kopurua. Norbera ez da konturatzen lo dagoen bitartean zer gertatzen zaion, bai ordea bere alboan lo dagoena. Baina nola jakin zehazki sindrome hori dugun ala ez? Sindrome horrek baditu sintoma [...]
«Nire bikotekidearen zurrungak normalak ote dira?» Gizon eta emakume askok egiten diote galdera hori euren buruari. Jendearen kezka horri erantzuna emateko helburuarekin, Iñaki Salegi Zumarragako Ospitaleko pneumologoak hitzaldia eman zuen abenduaren, Mutiloan.
Baina ba ote dakigu benetan zer den zurrunga egitea? Salegik azaldu zuenez, ahoko eta eztarriko ehunek arnasa hartzerakoan dar-dar egiten dute eta dar-dar soinu horiek dira hain zuzen, zurrungak. Dirudienez, gauza arrunta da. Datuen arabera, gizonezkoen %40k eta emakumezkoen %30ek egiten du.
Apnea
Zurrunga egitea bere horretan ez da arriskutsua. Zurrunga egiteaz gain, lo dagoen pertsona horrek apneak ere egiten dituenean hasten da arriskua. Salegik azaldu zuenez, apnea arnasbidea ixtea da. «Horrek esan nahi du une batez airerik ez dela pasatzen eta itolarria eragiten duela».
Apnearekin lotuta badago sindrome berezi bat: Loaldiko Apnea sindromea, hain zuzen. Sindrome hori oraindik ezezaguna da mediku askoren eta gaixoen artean eta berau ezagutzera ematea, medikuen lana dela uste du Salegik.
Dagoeneko egin dituzte ikerketak eta jasotako datuen arabera, populazioaren %40k du sindrome hori. Gizen egonda %40 eta %90 artera ere iritsi daiteke kopurua. Norbera ez da konturatzen lo dagoen bitartean zer gertatzen zaion, bai ordea bere alboan lo dagoena. Baina nola jakin zehazki sindrome hori dugun ala ez? Sindrome horrek baditu sintoma batzuk: zurrungak eta apneak egiteaz gain, pertsona hori gizena bada, gehiegizko logurea baldin badu (10, 15 , 20… segunduko apneak egiten dituenean, burmuinak zerbait gaizki doala nabaritzen du eta esnatu egiten da bat batean. Horrela igarotzen du gau osoa eta beraz, ez du lortzen lo sakona egitea eta horregatik izaten du hurrengo egunean logurea), kotxean logurea izaten badu, auto-istripuak izaten baditu (istripuen %20 gehiegizko loaren erruz gertatzen dira. Dena den, ziur asko gidari horiek ez dute pentsatzen sindromea dutenik), gauetan bat-batean itota esnatzen bada, bihotzeko gaixotasuna edo hipertentsioa badauka, goizetan buruko mina izaten badu (esnatzeko momentuan, gero pasatu egiten zaie), gauetan pixa askotan egiten badu… ziur asko sindrome hori izango du Salegiren iritziz.
Loaldiko Apnearen ondorioak horiexek dira, hain zuzen: logurea, buruko mina, tentsioa ikaragarri igotzea… «Apneak tratatzen ez badira arrisku baskularrak, infartoak eta tronbosiak izateko aukera ere igo egiten da nabarmen» gehitu zuen medikuak.
Diagnosia
Gaixoak sindrome hori duen ala ez jakiteko proba hasiera batean, Donostian egiten zuten, ospitaleratuta. Orain normalean Zumarragara joan, aparatu berezi bat hartu eta norberak bere etxean egiten du. «Proba oso sinplea da» Salegiren arabera. Aparatu horrek gaixoak zenbat apnea egiten dituen neurtzen du. Eta ez du minik ematen. Salegiren hitzetan «etxean lortutako emaitzen arabera, gaixo batzuei Zumarragan ere egiten diogu proba, ospitaleratuta eta zalantza dugun kasuetan gaixoa Donostiara ere bidali ohi dugu, baina normalean norberak egiten du».
Behin Loaldiko Apnea duzula baieztatu ondoren, berau saihesteko hartu daiteke zenbait neurri: kiloak soberan dituenari argaltzea komeni zaio (asko argalduz gero batzutan sendatzen da apnea), erretzen duenak, erretzeari utzi beharko lioke eta alkohola edaten duenak, alkohol kopurua gutxitu beharko luke, batez ere gauetan. Bestalde, lasaigarriak ere baztertu egin behar dira, Salegiren arabera.
Tratamentua
Neurri horiek hartu ondoren, sindromea sendatzen ez bada, badaude berau tratatzeko hainbat modu. CPAP izeneko aparatua erabil daiteke esaterako. Aparatu horrek, etenik gabeko aire-presio positiboa botatzen du eta aire horren ondorioz, arnas bidea irekita mantentzen da. Bakarrik lotarakoan erabili behar da: gauean edota siesta orduan.
Aparatuak, sudurreko maskara izaten du eta belkroarekin bakoitzak bere neurrira jarri dezake. Horretarako, derrigorrezkoa da ahoa itxita edukitzea. Ahoa irekita lo egiten dutenei, ahoa eta sudurra estaltzen dituen aparatua ematen diete.
Hogei bat urte badira aparatu hori sortu zutela, baina hasiera batean oso handia zen eta zarata handia ateratzen zuen. Gaur egungo aparatua nahiko isila da eta askoz txikiagoa. Horregatik, gehienek arazorik gabe erabil dezakete, baina ez guztiek, hasiera batean pixka bat deserosoa baita. Salegiren arabera, «oso eraginkorra» da ordea, zurrunga eta apnea kentzeko. «Sindrome hori duten gaixoek gaizki lo egiten dute, hurrengo egunean logurea izaten dute, buruko minak eta beste hainbat sintoma ere izaten dituzte. Aparatu horrekin primeran lo egiten dute eta beraz, hurrengo eguna hobeto pasatzeko itxaropenarekin, gehienetan tramankulu horren molestiak jasateko prest egoten dira».
Makina Zumarragan ematen dute doan eta betirako izan ohi da. «Gutxienez bost orduko saioak egin behar dira. Lehen hilabetea kritikoa izaten da. Epe horretan ondo moldatuz gero, normalean aurrera begira ez da beste arazorik izaten».
FAM izeneko aparatua ere badago, baina aurrekoa baino gutxiago erabiltzen da. Hortzetako tramankulua da eta gauetan jarri behar izaten da. Aparatu horrek masailezurra eramaten du aurrera eta horri esker pasatzen da airea. Zumarragan ez dute aparatu hori, Donostian bai.
Kirurgia, kasu bakar batzutan besterik ez dute erabiltzen. Teknika ezberdinak daude. Laserrarekin eztarriko gingila eta haren ingurunea kentzen dituzte.
Beste teknika batzuk ere badira: espraiak, sudur gaineko tirak… Horietatik asko telebistan iragartzen dituzte. Salegiren iritziz, «zurrungak kentzeko balio dute, baina apnea kentzeko ez».
«Apnea arnasbidea ixtea da. Horregatik, une batez airerik
ez da pasatzen»