Etxeetako lapurretak direla eta, zerrailak giltzaz ixtea gomendatu du Ertzaintzak
Zumarragako Ertzaintzako buruak Goierri osoko biztanleak jakinaren gainean jarri nahi ditu “azkeneko urtebetean etxebizitzatan jazotako lapurretak direla eta, herritarrei etxeetako zerrailak ixteko gomendioa luzatu nahi diegu”. Etxebizitzatan egiten ari dituzten lapurreta guztietan prozedura berdina dela dio ertzainak “trebatuta daude giltzarik itxi gabeko ateak minutu batean irekitzeko, horregatik ondo ixtea ezinbestekoa da”.
Ertzainaburuak dioenez “komeni da gure etxe inguruan ezer arraroa ikusten badugu Ertzaintzara jotzea”. Atariko tinbreak jo eta inor etxean ez badago sartzen saiatzen dira. “Kanpotik datozen talde txikiak dira. Bilbotik datozela uste dugu eta Bergarara, Azkoitira edo Beasainera jo dezakete”.
Lapurreta gertatuko balitz “ahal den neurrian ezer ez ikutu eta salaketa jarri behar da. Aldika lapurtutakoa berreskuratzeko aukera dago, baina ez da beti gertatzen”. Bitxiak, dirua edo ordenagailu portatilak eramaten dituzte, “aurkitzen dutena”.