Eguraldiak mimatu du mimosa
Eguraldi goxoak izan ditugu, gustuz hartu direnak baina ez dugu negu betean gaudenekoa ahaztu behar eta oraindik elurra etor daitekeela iragartzen dute eguraldi iragarleek. Mimosa arbolak baliatu dute beroaldi txiki hau eta adar dotoreak ekarri ditu Edurne Jauregik, 2 euroan bakoitza salgai jarri dituenak. Negutegiei eta berogailuei esker orain arte udako produktuen hondarrak ikusi baldin badira ere, hemengo tomate, piper, leka eta abarrak ahaztu beharrean gaude. Ikusten direnak, hemengo produktuekin batera baldin badira ere, kanpokoak izango dira. Esate baterako Joxe Mari Uzin azkoitiarrak, tomate garaian etorri ohi dena, aste honetan utziko dio asteazkenetan etortzeari, «datorren maiatza bukaera arte-edo» berak aurreikusten zuenez. Hala ere, ostiral arratsaldeetako azokara etortzen jarraituko du. Hemengo fruta sasoia egin ohi duen Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkortak berriz, oraindik aste batzutan etorriko dela adierazten du, sagarrak nekez saltzen omen dira aurten. Kiwi, sagar –errezila batez ere– eta irasagarretara mugatuko du eskaintza. Mendi eta paisaiaren etorkizun iluna Juan Amezketa kalean berriz, arbola landare saltzaileak ugaritu egin dira, lehendik aipatutako Junkal Areitio eta Albisturgo Lasari, Zegamako Arakama eta Ataungo Dorronsoro mintegiak gehitu zaizkie. Halere ezkor sumatu ditugu, aho batez gainera: «Mendia geldik dago, eta hainbeste aldatu da kontua azken urteetan… Lehen gu geuk biltzen genituen arbola haziak, ona ikusi eta [...]
Eguraldi goxoak izan ditugu, gustuz hartu direnak baina ez dugu negu betean gaudenekoa ahaztu behar eta oraindik elurra etor daitekeela iragartzen dute eguraldi iragarleek. Mimosa arbolak baliatu dute beroaldi txiki hau eta adar dotoreak ekarri ditu Edurne Jauregik, 2 euroan bakoitza salgai jarri dituenak.
Negutegiei eta berogailuei esker orain arte udako produktuen hondarrak ikusi baldin badira ere, hemengo tomate, piper, leka eta abarrak ahaztu beharrean gaude. Ikusten direnak, hemengo produktuekin batera baldin badira ere, kanpokoak izango dira. Esate baterako Joxe Mari Uzin azkoitiarrak, tomate garaian etorri ohi dena, aste honetan utziko dio asteazkenetan etortzeari, «datorren maiatza bukaera arte-edo» berak aurreikusten zuenez. Hala ere, ostiral arratsaldeetako azokara etortzen jarraituko du.
Hemengo fruta sasoia egin ohi duen Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkortak berriz, oraindik aste batzutan etorriko dela adierazten du, sagarrak nekez saltzen omen dira aurten. Kiwi, sagar –errezila batez ere– eta irasagarretara mugatuko du eskaintza.
Mendi eta paisaiaren etorkizun iluna
Juan Amezketa kalean berriz, arbola landare saltzaileak ugaritu egin dira, lehendik aipatutako Junkal Areitio eta Albisturgo Lasari, Zegamako Arakama eta Ataungo Dorronsoro mintegiak gehitu zaizkie. Halere ezkor sumatu ditugu, aho batez gainera: «Mendia geldik dago, eta hainbeste aldatu da kontua azken urteetan… Lehen gu geuk biltzen genituen arbola haziak, ona ikusi eta basotik bertatik hartu. Orain burokrazia handia dago, dena paperen bidez justifikatu behar da. Euskal Herriko mintegien elkartetik koordinatua da, baina gastuak handiak dira eta eskaerak, salmentak, asko gutxitu dira. Honetaz bizitzerik ez dago».