‘Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua’
Euskarazko hedabideen historia jarraitu duenak, badaki azken 30 urteetako abaroan egin dela biderik emankorrena. Eta badaki denbora horretan emandako aurrerapausoa itzela dela. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera.
Komunikazioa da gure ardatza, inguratzen gaituen mundua nola ikusten dugun kontatzea, ikusmolde eta euskarri anitzez. Elkarren lehian eta elkarren osagarri. Hori da lokaletik globalera egiten dugun ekarpen nagusia, hizkuntza, euskaraz egiten duguna. Harro gaude egindako bide horrekin, pozik egiten dugunarekin, euskal kulturaren isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen ditugu. Albistea eta informazioaren haritik, entretenimendutik, gertukotik, sakonetik, zientziatik…
Baina ez da nahiko, ibilbide horretan sakondu behar dugu, orain artekoa hobetuz eta zabalduz. Hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina. Ez da hau ukatuko duenik eta hala ebazten da behin eta berriz erakunde publiko eta alderdi politiko gehienen euskarari buruzko gogoeta eta plan estrategikoetan. Printzipio eta helburutan letra larriz aitortzen dute garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat hedabide ez publikoei dagokienez.
Ezagun da EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian oso egoera desberdinak bizi direla: Nafarroan eta Iparraldean erakundeen sostengua hutsala da; EAEn oso bestelakoa da, baina ez da nahikoa, aurrean ditugun erronkei begira eusteko adinakoa ez bederen.
Euskarazko hedabideok ohituta gaude zailtasunean jarduten, gure hizkuntzaren izaera ez normalizatuak horretara bultzatzen gaitu, eta agian horrek ere laguntzen digu bizi dugun krisiari aurre egiten. Baina egoera gorria da eta hainbatetan larria. Hedabide ugari ari dira ixten munduan, hedabide historikoak, ospetsuak, gureen aldean handi eta indartsuak… Eta guk ere enbataren erdian dihardugu. Publizitatea behera, salmentak ere bai, diru-laguntzak urritzeko joeran… Noiz arte eutsi ahal izango diogu?
Bankuen, autoen, altzari eta elektratresnen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa aldarrikatzen dugu. Maiz aurpegiratu zaigu diru publikotik bizi garela, bai euskal kultura, bai euskarazko hedabideak, konplexua sortzeraino ere bai agian. Orain, ostera, inoiz baino argiago ikusten da nola giltzarritzat jotzen diren esparru eta proiektuetan, erakunde publikoek dirutzak bideratzen dituzten, izan hauek eremu publiko edo pribatukoak.
Eta ekonomikoki ere sektore garrantzitsua da euskarazko hedabide ez publikoena: 600 langiletik gora ari gara bertan, hilero soldata etxera eramanez eta euskal gizartearen aberastasunean gure alea jarriz.
Azken 30 urteetan ibilbide oparoa egin dugu, baina bada ordua beste jauzi bat emateko. Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz.
Gure gizartearen garapena ezin delako porlana eta azpiegitura handien garapenari lotu. Adibidez, Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek, erakunde publikoetatik euskarazko hedabide ez publiko guztietara lau urtetan bideratzen dena balio du. Errepide, trenbide edo eraikuntza handien zati txiki batek gure etorkizuna berma dezake. Euskarazko komunikazioak merezi du tamainako apustua eta euskal kulturak ere bai.