Segura-Jauregi etxea salgai jarri du Legazpiko Udalak
Legazpiko Udaletik igorri duten ohar baten arabera, Udalak bere jabetzako eraikin bat saldu nahi du. Eraikina Telleriarte auzoko 40. atarian kokatutako Segura-Jauregi etxea da. 1956 urteko eraikina da eta guztira 664,61 metro koadro ditu, hiru solairut...
Legazpiko Udaletik igorri duten ohar baten arabera, Udalak bere jabetzako eraikin bat saldu nahi du. Eraikina Telleriarte auzoko 40. atarian kokatutako Segura-Jauregi etxea da.
1956 urteko eraikina da eta guztira 664,61 metro koadro ditu, hiru solairutan banatuta: erdisotoak 238,88 metro koadro ditu, beheko solairuak 238,88 metro koadro eta lehenengo solairuak, azkenik, 109,45 metro koadro. Iragarkia 2011ko otsailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten.
Udalak salmentan jarri duen eraikina Legazpiko Telleriarte auzoan dago; Legazpitik Oñatira doan bidean, Brinkola auzoaren alboan eta Aratz-Aizkorri parke naturalaren sarreran. Eraikina Lenbur Fundazioari utzita zeukan udalak, baina orain, behar zuela-eta, itzultzeko eskatu dio. Salmentatik ateratzen duen diruarekin Brinkola-Telleriarte inguruan ekipamendu sozialak eta kulturalak ordainduko dituzte.
Salmenta lizitazio publiko irekiaren bidez egingo dute eta interesa duen edonork hartu ahalko du parte. Eraikinari nahi dion erabilera eman ahalko dio erosleak, baina espekulazioa ekiditeko neurri batzuk zehazten dituzte baldintzetan. Gutxieneko proposamen ekonomikorako jarri duten muga 281.860 eurokoa da eta eskaintzak egiteko epeari dagokionez, martxoaren 5a izango da azken eguna. Aurkeztutako proposamenak martxoaren 15ean irekiko eta aztertuko dituzte.
Lizitazioa arautzen duten baldintza administratiboak legazpiko-udala.info webgunean eta udaletxeko bulego orokorrean daude eskuragarri. Proposamenak egiten dituztenek aurkeztu beharreko dokumentazioa eta gainerako informazioa ere baldintza administratiboekin batera jaso ahal izango dira.