Afrikari buruzko erakusketa irekiko dute bihar Usurben
Haurralde Fundazioak antolatuta Afrikako errealitatea iruditan biltzen duen erakusketa irekiko dute bihar Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Erakundeak egindako ikerketa baten emaitzen arabera Euskal Herriko biztanleen erdiek Afrikaren inguruko irudi...
Haurralde Fundazioak antolatuta Afrikako errealitatea iruditan biltzen duen erakusketa irekiko dute bihar Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Erakundeak egindako ikerketa baten emaitzen arabera Euskal Herriko biztanleen erdiek Afrikaren inguruko irudi negatiboa dute. Horregatik, Afrikak hamaika alorretan sortzeko duen gaitasuna erakusten duen proiektuaren barruan jarriko dute Afrika zabaldu erakusketa.
Bihar arratsaldean egingo dute erakusketaren irekiera ekitaldia, 19:00etan, eta otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera 19:00etatik 21:00etara egongo da irekita erakusketa eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Haurraldeko kideen arabera, garapen bidean dauden herrietan lan egiteaz gain, garatutakoetan lan egitea ere garrantzitsua da. Horretarako, sentsibilizazio eremuak eraikitzen dituzte giza garapenarekin benetako erantzukizuna lortu ahal izateko. Beasainen eta Goierrin urte asko daramatza elkarteak lanean.
Denetariko irudiak
Afrika zabaldu erakusketan denetariko irudiak ikusteko aukera egongo da, tartean Angèle Diabang Brener-ek 2005ean Senegalen atera zuen Mon beau sourire (Irribarre polit bat). Argazki honen bidez hortz-oiak tatuatzeko erritual mingarria eman nahi izan zuen ezagutzera. Errituala emakumeei praktikatzen zaie, irribarre egiterakoan hortzak zuriago ikusi eta gehiago nabarmendu daitezen.