Ekin diote Santa Lutzi Zahar eraikina zaharberritzeko lanen hirugarren faseari
Astelehenean ekin zioten Santa Lutzi Zahar eraikina zaharberritzeko lanen hirugarren eta azken faseari eta martxoaren erdialderako lanik gehienak bukatuta egongo direla aurreikusten du Ezkio-Itsasoko Udalak. Hirugarren fasean igogailua jarriko dute eta solairu bakoitza kristalezko itxitura batekin itxiko dute, bata bestearengandik independentizatzeko. Eraikinaren aurrealdea ere berrituko dute. Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkateak jakitera eman duenez, beheko partean esaterako harria jarriko dute eta hormak txukundu eta margotu egingo dituzte. Sarrerako arkupea ere konponduko dute. Lanak hiru fasetan Santa Lutzi Zahar eraikina berritzeko ideia aspalditxotik dator. Ezkio-Itsasoko zerbitzuen inguruan azterketa egin zuten herrian eta zera ondorioztatu zuten: auzo bakoitzean hainbat zerbitzu eskaintzea ontzat eman arren, herri osoari erantzuna emango zioten zerbitzuak eta ekipamenduak ere behar zirela herri erdian. Egungo udaletxearen gabeziak ikusita, berau berritzeko proiektua egin zuten. Euro askoko aurrekontua egin zieten eta diru hori beste modu batean erabiltzea erabaki zuten. Santa Lutzi Zahar eraikinean inbertitzea pentsatu zuten. Horrela hasi zituzten obrak. Lanen lehen fasean eraikinaren egitura guztia berritu zuten. Kanpoko paretak soilik utzi zituzten zutik eta proiektuan idatzi bezala, egurrezko egitura egin zioten. Eraikinak lehen zituen zutabe eta haga batzuk aprobetxatu zituzten horretarako. Teilatua eta zoruak ere berritu zizkioten. 2010. urtearen hasierarako jada bukatuta zeuden lehen faseko obrak. Bigarren fasea Bigarren faseko [...]
Astelehenean ekin zioten Santa Lutzi Zahar eraikina zaharberritzeko lanen hirugarren eta azken faseari eta martxoaren erdialderako lanik gehienak bukatuta egongo direla aurreikusten du Ezkio-Itsasoko Udalak.
Hirugarren fasean igogailua jarriko dute eta solairu bakoitza kristalezko itxitura batekin itxiko dute, bata bestearengandik independentizatzeko. Eraikinaren aurrealdea ere berrituko dute. Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkateak jakitera eman duenez, beheko partean esaterako harria jarriko dute eta hormak txukundu eta margotu egingo dituzte. Sarrerako arkupea ere konponduko dute.
Lanak hiru fasetan
Santa Lutzi Zahar eraikina berritzeko ideia aspalditxotik dator. Ezkio-Itsasoko zerbitzuen inguruan azterketa egin zuten herrian eta zera ondorioztatu zuten: auzo bakoitzean hainbat zerbitzu eskaintzea ontzat eman arren, herri osoari erantzuna emango zioten zerbitzuak eta ekipamenduak ere behar zirela herri erdian. Egungo udaletxearen gabeziak ikusita, berau berritzeko proiektua egin zuten. Euro askoko aurrekontua egin zieten eta diru hori beste modu batean erabiltzea erabaki zuten. Santa Lutzi Zahar eraikinean inbertitzea pentsatu zuten. Horrela hasi zituzten obrak.
Lanen lehen fasean eraikinaren egitura guztia berritu zuten. Kanpoko paretak soilik utzi zituzten zutik eta proiektuan idatzi bezala, egurrezko egitura egin zioten. Eraikinak lehen zituen zutabe eta haga batzuk aprobetxatu zituzten horretarako. Teilatua eta zoruak ere berritu zizkioten.
2010. urtearen hasierarako jada bukatuta zeuden lehen faseko obrak.
Bigarren fasea
Bigarren faseko lanei maiatzean ekin zioten. Solairuen banaketa egin zuten orduan. Beheko solairuan liburutegia, erabilera anitzeko gela eta artxiboa eraiki zituzten. Berogailuaren kaldera ere bertan ipini zuten eta igogailuarentzako lekua ere utzi zuten.
Lehen solairuan udaletxea kokatu zuten. Harrera gela, udal osoko bilkurak egiteko aretoa, bulegoak eta komunak eraiki zituzten eta artxiboaren beste zatia ere solairu horretan egin zuten. Bigarren solairua ere berritu zuten, baina ez zuten inolako banaketarik egin bertan.
Bigarren faseko lanak 2010eko azaroan bukatu zituzten.
Astelehenean teknikoak izan ziren Santa Lutzin, eraikinaren kanpokaldea ikuskatzen eta langileek aste honetan eman diete hasiera lanei.
Hirugarren faseko obrek 134.000 euroko aurrekontua dute eta Etxanizen arabera, Ezkio-Itsasoko Udalak lehendik Gipuzkoak Foru Aldundiarekin hitzartuta daukan diru laguntzaren barruan sartzen da kopuru hori.
Inaugurazioa martxoan
Santa Lutzi Zahar eraikinaren inaugurazio ofiziala martxoaren 16an, asteazkenean egingo dute, 11:30etan eta bertan izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Ezkio-Itsasoko Udaleko ordezkariak. Etxanizek aipatu duenez, ordurako lan gehienak bukatuta egongo dira. Obra denak amaitzean egingo dute berriz, herri mailako inaugurazio ekitaldia, apirilaren erdi aldera.
Inaugurazioa egin eta gero, barruko gelak hornitzeari ekingo diote. Etxanizen hitzetan «lehentasuna beheko solairuari eta lehendabiziko solairuari emango diegu, bertan baitaude liburutegia, erabilera anitzeko gela eta udaletxea». Hasita daude jada gune horietarako altzariak aukeratzen. Ezkio-Itsasoko alkateak jakitera eman duenez, lehen aipatutako zerbitzuak urte honen bukaerarako jada Santa Lutzi Zahar eraikinean emango dituztela aurreikusten dute.