Herri programa osatzen laguntzeko deia egin die Urretxuko ezker abertzaleak herritarrei
Urretxuko ezker abertzalea herri programa osatzen hasi da datozen maiatzeko udal hauteskundeetarako. Azaldu dutenez, azaroaz geroztik, “udaleko ezker abertzaleko ordezkariak eta herriko hainbat eragile sozial bilgune berean elkartu eta hausnarketa sakonak burutu ditugu. saio hauek, herritarren parte hartze altua lortzeaz gain, oso emankorrak izan dira hasieratik jarritako bi helburu gauzatzeko: azken lau urteetako udal kudeaketaren balantzea eta herriaren diagnosia egiteko eta bestetik, herrian dauden beharrak identifdikatu eta herri programarako ildo nagusiak zehazteko”.
Hala, herritar guztiei egin diete dei herri programa osatzen lagundu dezaten. Hiru komunikazio bide jarraituko dituzte. Batetik, martxoan zehar urretxuarrei inkesta bat banatuko diete etxeetara, bertan herriaz duten ikuspegia eta iritzia zein den azaldu dezaten. Galdetegi horiek jasotzeko hainbt postontzi jarriko dituzte herriko hainbat txokotan.
Bigarrenik, arlokako ildoak lantzeko Mintegia antolatuko dute martxoaren 19an. lau lan ildo proposatu dituzte: “herritarren parte hartzea, Udala herriarekin eta Mankomunitatea; hiri antolamendua eta garapen iraunkorra; sustapen soziokulturala; eta sustapen soziala”.
Hirugarrenik, www.herriprograma2011.net webgunean aurkitu ahal izango dira mintegietan jorratutako gaiak. iradokizunak eta ekarpenak egin nahi dituztenek urretxu@herriprograma2011.net helbidea dute eskura.
Facebooken eta twiterren ere jarri dute herri programarako lotura.