Legorretako EAJk dio bere zinegotzien artetik ez duela inork dimitituko
Legorretako EAJk udalbatzan dituen lau zinegotzietatik inork ez duela dimisiorik emango esan du ohar bidez, aurreko hilean Legorretako Udalak mozioa onartu eta Xabier Iraolari eta Juan Antonio Garini karguak uzteko eskatu ondoren. Ez gaituzte isilduko ...
Legorretako EAJk udalbatzan dituen lau zinegotzietatik inork ez duela dimisiorik emango esan du ohar bidez, aurreko hilean Legorretako Udalak mozioa onartu eta Xabier Iraolari eta Juan Antonio Garini karguak uzteko eskatu ondoren. Ez gaituzte isilduko goiburua duen idatzian «salaketak frogarik aurkeztu gabe» egitea leporatu dio EAJk Udalari.
«Salaketa asko zabaldu dituzte, baina zenbat aurkeztu dituzte epaitegietan? Zeren zain egon dira lau urteotan, hain zuzen hauteskunde atarian salaketak egiteko?», galdetzen du oharrak. Alkateak udal erabakietatik «baztertu eta ahaztu» dituela gehitu dute, «informazioa ukatuz».
Otsailaren 23ko bilkuratik –mozioarena– joan egin ziren lau zinegotzi jeltzaleak, oharraren arabera «inork izenpetu gabeko idazki batean bi zinegotzi jeltzaleen dimisioa eskatu zelako zergatirik azaldu ere egin gabe».
Udalaren salaketen azpian «auzi bakarra» dagoela dio EAJk, «herrian etorkizunerako egin beharreko etxebizitza-politikaz batzuek eta besteok dauzkagun ikuspegiak desberdinak direla». Elizondoko egitasmoaren auzia Euskadiko Epaitegi Nagusian dagoela gogoratu dute, eta azken epairik ez dagoela oraindik.
«Krispazioa ez da bide ona, hortik ez gara urrutira joango», dio EAJk. Kritikak eta salaketak «errespetuz» egin behar direla eta udaletxean lan egin nahi duen herritarren ekimenik mespretxatzea ez dela onargarria adierazi du. «Legorretan ez dago inor soberan» dio oharrak bukatzeko. 뿿