Urretxuko eta Zumarragako irakurle taldeak ‘Zazpi orduak’ liburua landuko du 23an
Urretxuko eta Zumarragako euskarazko irakurle taldeak ikasturte honetako seigarren bilkura ospatuko du datorren asteazkenean, hilak 23. Ohiko moduan, Urretxuko liburutegian egingo dute bilkura, 19:00etan.
Topaketa honetan Miren Agur Meabe idazlearen Zazpi orduak liburua aztertuko dute eta oraingoan ere idazlea bertan izango da. Tertuliarako sarrera irekia da, baina antolatzaileek liburua irakurrita joatea gomendatzen dute. 15 lagun inguru bildu ohi dira hilero eta Gorka Azkarate urretxuarrak gidatu ohi ditu saioak.
Sari ugaridun idazlea
Miren Agur Meabe Lekeition jaio zen 1962an, nahiz eta egun Bilbon bizi den. Umetan idazlanekiko zuen afiziotik tiraka ipuinak eta olerkiak idazten hasi zen. Irakasle moduan egiten du lan eta Giltza argitaletxeko zuzendaria ere bada.
Hainbat literatur sari ere jaso ditu Meabek, hala nola 1997ko Imajina ezazu Euskadi saria Ohar orokorrak poesia liburuagatik 2001 Kritika saria Azalaren Kodea olerki lanagatik eta 2002ko Euskadi saria Itsaslabarreko etxea gazte literatura lanagatik.