Albisuk Tolosan jokatuko du larunbatean Bigarren Mailako binakako finala
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak profesionaletako lehen final handia etzi, larunbata, jokatuko du Tolosako Beotibar frontoian. Promozio Txapelketa edo Bigarren Mailako binakako finala da. Albisurekin Mikel Olaetxea lizartzar aurrelariak osatu...
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak profesionaletako lehen final handia etzi, larunbata, jokatuko du Tolosako Beotibar frontoian. Promozio Txapelketa edo Bigarren Mailako binakako finala da. Albisurekin Mikel Olaetxea lizartzar aurrelariak osatuko du Asegarceko bikotea; aurkari, berriz, Gorka eta Merino (Aspe) izango dituzte. Jaialdia 17:15ean hasiko da. Aurrena Gonzalez-Beroiz eta Bengoetxea VI.a-Patxi Ruiz ariko dira; bigarren partida finala da, eta festibala Leitza-Zearra eta Ongai-Ceciliok itxiko dute. Kantxako jarlekuek eta lehen solairukoek 30 euro balio dute, goikoek 15 euro; 12 urtetik beherakoek doan dute. Pilotak atzo eguerdian aukeratu zituzten. Olaetxea-Albisuk 105,3; 106,7 eta 106,9 gramokoak hartu dituzte; Gorka-Merinok 103,8; 104,8 eta 105,7 gramokoak. Iazko uztailaren 3an profesionaletan debuta egin zuen frontoi berean jokatuko du Albisuk. Ataundik autobusa Ataungo pilotazaleak herrikidea animatzeko irrikan daude, eta lehen finalean babesa bertatik bertara eman ahalko diote. Udalak autobusa antolatu du Tolosara joateko. Autobusean joan nahi dutenek gaur iluntzerako eman behar dute izena, udaletxera (943 18 00 11) edo Auzoeta kiroldegira (943 18 03 84) hots eginda. San Gregorioko plazatik 16:00etan abiatuko da autobusa, eta San Martingo plazan 16:15ean geratuko da. Finaleko sarrerak erostea norbere gain dago, baina aurrez enkarga litezke (asegarce.es edo aspepelota.com helbideetan, adibidez).