Ehiztarietako batzuk, sariekin.
Jose Inazio Insausti segurarrak irabazi du txakurrarekin egiten den Goierriko ehiza txikiko txapelketa, zazpi eper eta hiru faisai botata. Bigarren Idiazabalgo Aitor Urkia sailkatu zen, bost eperrekin, eta hirugarren Beasaingo Manuel Lopez, lau eper eta faisai bakarra botata.
Joan den larunbatean jokatu zen txapelketa Zanbrana (Araba) herritik gertu dagoen El Castillo ehiza barrutian. Bertan Zaldibiako Gaztelu elkarteko ehiztariak, Beasaingo Aitz-Zorrozkoak, Idiazabalgo Otsoa elkartekoak, Ordiziako Azarikoak eta Segurako Txoritegikoak elkartu ziren. Txapelketa 08:00etan hasi zen, eta 12:30ean arte aritu ziren ehizan.
Beteranoetan Idiazabalgo Joxe Mujika izan zen irabazlea, bost eperrekin, bigarren Segurako Pako Muñoa, hiru eper eta faisai batekin, eta hirugarren Beasaingo Lorenzo Iparragirre, bina eper eta faisai botata. Gazteetan Segurako Igor Larreak irabazi zuen, eta taldeka Beasaingo Aitz-Zorrotz elkartea.
Gipuzkoarako sailkatuta
Seniorretako lehen hiru sailkatuak, eta beteranoetako eta gazteetako txapeldunak urriaren 2an jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako sailkatu dira.