Mendi irteera eta lasterketa antolatu ditu Goierri kirol elkarteak
Etzi arratsaldean gazteen txirrindulari lasterketa bat egingo dute Urretxun. Andres Enrique Magallonen omenezko lasterketa izango da, lehen eta bigarren urteko kadeteen mailako txirrindularientzako prestatua.
Lasterketa Goierri kirol elkarteak antolatu du eta 16:00etan hasiko da, Labeaga kaletik. Elkartearen egoitza parean jarriko dituzte irteera eta helmuga. 46 kilometroko proba izango da. Urretxutik Azkoitiara, Ezkio-Itsasora eta Ormaiztegira joango dira txirrindulariak, berriro ere Urretxura itzultzeko. Lasterketa 17:12ak aldera amaituko dela aurreikusi dute.
Mendi irteera
Apirilaren 17an, mendi irteera egingo du Goierri kirol elkarteko mendi sailak. Diotenez, «Sugoi eta Mikelatsen bizitokia» ezagutuko dute, Urkiolako Parke Naturaleko Eskuagatx eta Aramotz mendizerretan barrena sartuz.
Igandean goizeko zazpiretan abiatuko dira mendirantz, elkartearen egoitza paretik. Izena eman nahi dutenek kirol elkartean egin dezakete. Dimako Olabarrin emango diote hasiera ibilbide «ikusgarri» honi eta Orozketan amaituko dute.