Segurako bolariak nagusi Goierriko Bola Txapelketan
Martzelino Agirrek irabazi du Goierriko bola txapelketa, atzetik Xepeiño osaba eta Antonio anaia dituela. Lehendik landutako uzta jaso. Horixe egin zuten larunbatean Segurako Agirre familiako hiru bolarik, Gabirian. Goierriko 23. Bola Txapelketako azkeneko jardunaldian pronostiko guztiak bete zituzten, eta lehia hasi aurretik sailkapenean zeukaten ordena aldatu gabe eskualdeko bolatako lehiaketan jaun eta jabe direla erakutsi zuten. Martzelino Agirrek jantzi du txapela, bere aurrenekoa lehiaketa horretan. Hurrena Xepeiño Agirre geratu zen, bi puntura. Agirretarren familiako osabak baditu Goierriko «lauzpabost» txapela, eta oraingoan txapeldunorde izan da. Podiuma segurarrek eta senditarrek osatzeko, Antonio Agirrek jaso zuen hirugarrenaren saria. Aukerarik ez zuten utzi azken saioan. Elkarrekiko puntu bakarraren aldearekin iritsi ziren finalera Martzelino, Xepeiño eta Antonio Agirre. Txapeldunak, izenari ohore eginez, tartea handitzea lortu zuen gainera, arerioek baino puntu bat gehiago lortuta. Eguneko tiraldian laugarren egin zuen Martzelino Agirrek, 47 birlarekin. Bina gutxiagora geratu ziren osabaia eta anaia. Gabiriako jardunaldia Antonio Miner ereñotzuarrak irabazi zuen (48), ondoren Patxi Arrondo zeraindarra (47) eta Nikolas Igartzabal gabiriarra (47) sailkatu ziren. Goierriko bola txapelketak eduki dituen jardunaldiak –eta herriak– adina sari eman zituzten txapelketa bukatzeko. Legazpiko Danantzako bolari elkarteak, eta Mutiloa, Segura, Olaberria, Zerain, Gabiria eta Idiazabalgo udalek jarritako sari bana jaso zituzten sailkapen orokorreko aurreneko zazpiek. [...]
Martzelino Agirrek irabazi du Goierriko bola txapelketa, atzetik Xepeiño osaba eta Antonio anaia dituela. Lehendik landutako uzta jaso. Horixe egin zuten larunbatean Segurako Agirre familiako hiru bolarik, Gabirian. Goierriko 23. Bola Txapelketako azkeneko jardunaldian pronostiko guztiak bete zituzten, eta lehia hasi aurretik sailkapenean zeukaten ordena aldatu gabe eskualdeko bolatako lehiaketan jaun eta jabe direla erakutsi zuten.
Martzelino Agirrek jantzi du txapela, bere aurrenekoa lehiaketa horretan. Hurrena Xepeiño Agirre geratu zen, bi puntura. Agirretarren familiako osabak baditu Goierriko «lauzpabost» txapela, eta oraingoan txapeldunorde izan da. Podiuma segurarrek eta senditarrek osatzeko, Antonio Agirrek jaso zuen hirugarrenaren saria. Aukerarik ez zuten utzi azken saioan.
Elkarrekiko puntu bakarraren aldearekin iritsi ziren finalera Martzelino, Xepeiño eta Antonio Agirre. Txapeldunak, izenari ohore eginez, tartea handitzea lortu zuen gainera, arerioek baino puntu bat gehiago lortuta. Eguneko tiraldian laugarren egin zuen Martzelino Agirrek, 47 birlarekin. Bina gutxiagora geratu ziren osabaia eta anaia. Gabiriako jardunaldia Antonio Miner ereñotzuarrak irabazi zuen (48), ondoren Patxi Arrondo zeraindarra (47) eta Nikolas Igartzabal gabiriarra (47) sailkatu ziren.
Goierriko bola txapelketak eduki dituen jardunaldiak –eta herriak– adina sari eman zituzten txapelketa bukatzeko. Legazpiko Danantzako bolari elkarteak, eta Mutiloa, Segura, Olaberria, Zerain, Gabiria eta Idiazabalgo udalek jarritako sari bana jaso zituzten sailkapen orokorreko aurreneko zazpiek. Txapeldunari, noski, txapela ere jantzi zioten.
Lehiaketan 32 bolari jardun dira parte hartzen, larunbatero. Aurtengo zirkuitua borobiltzeko, afaria egin zuten berrogei bat lagunek Osinalde elkartean. Borobila, ordea, Agirretarren emaitza.













