Inocencio Soria preso politikoak gose greba hasi du, kanporatzearen aurka protesta egiteko
Inocencio Soria Valderrama preso politiko zumarragarra gose greban dago. Apirilaren 7an hasi zuen, hil bereko 19an jasango duen kanporatzearen aurka protesta egiteko. Frantziar Estatuan aurkitzen da preso, eta apirilaren 19an 7 urteko kondena beteko du. Egun horretan Espainiar Estatura kanporatuko dute eta erabaki honen aurka protesta egiteko hasi du gose greba. Protestaren laugarren egunean senitartekoek Soria egoera “onean” aurkitzen dela jakinarazi dute.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Inocente Soria preso politiko urretxuarra 2004ko apirilaren 17an atxilotu zuten Frantziako poliziek. Epaitua izan ondoren 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Apirilaren 19an beteko du ezarri zioten zigorra eta kanporaketaren aurka gose greban hasi zen apirilaren 7an, Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea aldarrikatuz. Kanporatua izango balitz Espainiako poliziek atxilotu eta inkomunikatu lezakete, honek suposatzen duen tortura arriskuarekin.
Inocencio une honetan Perpiñagneko espetxean aurkitzen da, etxetik ehunaka kilometrotara.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik kezkaz bizi dugu une honetan euskal preso politiko honek bizi duen egoera. Beste behin ere modu honetako neurri gogorrak hartu beharrean aurkitu da euskal preso politiko bat, bere eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakar bezala.
Inocencio kanporatua izango balitz espainiar segurtasun indarren esku gelditzeko arriskuan egongo litzateke, honek suposatzen duenarekin. Gogora ekarri nahi dugu urte honetan bertan euskal herritar asko torturatuak izan direla Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren eskuetan. Beraz, oraindik orain argi dago tortura sistematikoki erabiltzen duela Espainiar Gobernuak euskal herritarren aurka. Zentzu honetan gogora ekarri nahi ditugu urte honetan izan diren 63 tortura salaketak.
Zentzu honetan, Frantziar Gobernuaren jarrera ere benetan salatzekoa dela esan nahi dugu, behin eta berriz prest agertzen baita euskal herritarrak torturatzaile espainiarren eskuetan uzteko.
Espainiar eta frantziar gobernuek benetako apustua egin dute herri honetako sektore oso bat ezabatzeko, eta apustu hori bururaino eramateko guztiak balio duela ikusten ari gara egunotan. Honela ulertzen dugu euskal preso politikoen aurka espetxeetan ematen ari diren etengabeko jazarpenak, eta honela ulertzen dugu une hauetan Inocenciok bizi duen egoera bera ere.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egiten diegu herritarrei Inocenciori elkartasuna adierazi eta kanporaketaren aurka protesta egitera. Euskal Herrian libre bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, eskubide guztien jabe, eta torturatua izateko inolako arriskurik gabe.