Jon Ander Albisu 2. Mailako binakako txapeldun da, Olaetxearekin
Ataungo Jon Ander Albisu pilotariak profesionaletako lehenbiziko txapela jantzi du asteburuan. Bigarren Mailako Promozio Txapelketaren finala irabazi zuen larunbatean Beotibarren, Mikel Olaetxea lizartzar aurrelaria bikote zuela. Gorka-Merino biko erri...
Ataungo Jon Ander Albisu pilotariak profesionaletako lehenbiziko txapela jantzi du asteburuan. Bigarren Mailako Promozio Txapelketaren finala irabazi zuen larunbatean Beotibarren, Mikel Olaetxea lizartzar aurrelaria bikote zuela. Gorka-Merino biko errioxarrari 22 eta 16 irabazi zieten, final zirraratsuan.
Aise lortu zuten hasieran aurrea hartzea, 6 eta 0. Partidaren erdibidean, ordea, errioxarrek aldea berreskuratu zuten, 14-13 hurbiltzeraino. Aurkarien hutsek, Olaetxearen joko bikainak (14 tanto egin zituen) eta Albisuren segurtasunak, ordea, Asegarceko bikotearen aldera eraman zuten emaitza.
Tolosako Beotibar frontoian 800 bat ikusle sartu ziren, asko Ataundik joandakoak. Giro ederra jarri zuten bi bikoteen aldekoek. Albisuk pilotaleku horretan bertan egin zuen debuta profesionaletan, iazko uztailaren 3an. Zortzi hilabeteren buruan jantzi du lehen txapela. Maiatzaren 6an beteko ditu 21 urte Albisuk; profesionaletako lehen denboraldia duen honetan 22 partida jokatu ditu larunbatekoarekin, horietatik 12 irabazi eta 10 galdu ditu.